IRITZIAK

EH Bildu, hurrengo 10 urteetarako prest!

Helena Franco Ibarzabal | 2021-06-10 10:40:00

10 urte bete ditugula ospatzen ari gara, 10 urte baino ez. Egindakoari begiratu, aurrera begira egin beharrekoa definitzen hasi eta antolakundea eta gutako bakoitza datorkigunerako prestatzen, horretan gabiltza.

Egoera politiko zail batean sortu ginen, ezker abertzalea legalizazio/ilegalizazio zurrunbiloan mantentzen zuten Estatuko indar politiko-judizialek. Milaka herritarren eskubide demokratikoen urraketa horren aurrean, ezkerreko indar subiranistek urrats ausarta, eskuzabala, ematea erabaki zuten, norberaren alderdiaren aurretik Euskal Herriaren oraina eta geroa lehenetsiz.

Hasierako garai haietatik gaur arte lana ez da erraza izan. Tradizio desberdinetatik gentozenok, alderdi disziplinetatik harago koalizio moduan lan egiten ikasi behar izan dugu, bakoitzaren jatorriari errespetuz baina sortutako koalizio berriaren eraginkortasuna helburu nagusi izanda. Konplizitate berriak ehundu behar izan ditugu, pertsonalak eta politikoak, erakundeetan talde gisa jokatzen ikasi, kale mailan ere diskurtso propioa eraiki eta zabaldu… Halere pozik egon gaitezke emaitzekin.

EH Bildu formulak funtzionatu baitu. Erakundeetako eguneroko lanean argi utzi dugu gure ikuspegi aurrerakoi eta subiranista, ondo kudeatzeko gai garela erakutsi dugu, edota oposiziotik eraginkorki jarduteko ere; baina ahaztu gabe kudeaketaz harago gure jarduketa instituzionalak eraldatzaile izan behar duela, beste gizarte eredu bat posible dela sinetsiz eta sinestaraziz, norabide horretan urratsak emanez.

EH Bilduk 10 urte hauetan sinesgarritasuna eta prestigioa lortu du herritarren artean. Lehenengo hamarraldia gaindituta, nota altuarekin gainera.

Eta hurrengo 10 urteetarako zer? Nik EH Bildu sendoago bat irudikatzen dut, barne mailan kohesionatuagoa, eta herritarren artean babes gero eta zabalagoa lortuko duena. Eta horren isla erakundeetan presentzia geroz eta handiagoa, hainbat kasutan gobernu ardura gehiago geure gain hartuz, beste batzuetan oposizio baldintzatzaile izateko gure aukerak sendotuz.

Argi dago gurea bezalako herri batean, Getxoko errealitate sozio-politikoa ezagututa, gobernura iristearen aukera hori ez dugula epe labur-ertainean oso egingarri ikusten, baina hala ere asmo handiko helburuak izan behar ditugu geuk ere, horixe baietz!! Oposizioko indar nagusia izan behar dugu, orain baino indartsuagoa, bai zinegotzi kopuruan baita kale mailako ekimenen eta erantzunetan ere, bertoko udal gobernuaren praktika eta erabakiak ahalik eta gehien baldintzatzeko. Parte hartzea, etxebizitza, zaintza, ingurumena, kultura, euskara,…  gai inportanteegiak dira euren esku uzteko.

EH Bilduk erronka handiak dauzka datorkigun hamarraldian ere, presta gaitezen eta lan egin dezagun euskal gizartean justizia soziala eta burujabetzaren aldeko indar korrelazioa hobetzen joateko. Horrela, pixkanaka akordio zabalak lortzeko oinarriak jarriz joango gara, unea iritsita herri gisa modu antolatu batean Euskal Herriaren etorkizuna lehenetsi eta Estatuarekiko konfrontazio demokratikorako bideari ekiteko.

Badugu zer egina, eta merezi du, ekin diezaiogun lanari ilusioz eta indarrez!!

 

 

Ez da ezer aldatu: betikoek beti bezala jokatzen dute

Sandra Egiluz | 2021-06-03 11:07:00

Aurreko egunean, nire kuadrillakoekin nengoela zeozer hartzen herriko taberna batean, norbait hasperen egin eta kexati “normaltasunerako” gogoaz mintzatu zuen. Hirugarren garagardoarekin batera hasi ginen horren inguruan filosofatzen.

Denbora luzez egon gara egun berdinak bizitzen eta beti gai bera jorratzeko kondenarekin: koronabirusa. Eta hori guztia, gainera, etengabeko osasun-krisiaren jarraipen informatiboarekin, agian gehiegizkoa eta obsesioa bihurtu egin dena. Zifrak, neurriak, planak eta gainerako larrialdi-jarduerak, eguneroko parteari kasu eginez eta emaitza gogorrak ikusten.

 

Telelana modu behartsuan iritsi zitzaigun, baina badirudi behin beharra igarota, enpresek metodo hori aukeratzen jarraitzen dutela. Gainera, bere abantaila guztiez konbentzitzen saiatzen ari dira, eta are gehiago, lortzen. Lanaldi luzeegiak, lana eta arlo pertsonala bereizteko zailtasunak, argiari eta Interneti dagokienez egindako aparteko gastua eta, nola ez, gizarte-harremanen falta. Hori guztia da telelana.

 

Ikuspegi honekin, errutina jasanezina sublimea ere bihurtzen da, eta azkenean, gure betiko egunerokotasuna besarkatu egin dugu bizitzak eman digun bertute handi gisa. Gaur, eskertzen dugu kalera irten ahal izatea, 8 orduko lanaldia izatea edo enpresak lan-tresnak ordaintzea. Ez naiz erantzukizunez ari horrelako osasun-krisi baten aurrean, baina orain konturatzen gara ez dela ezer aldatu.

 

Horren guztiaren atzean, ezkutatu nahi izan duten beste joko zikin bat egon da. Joko horretan, berriz ere, herritarren askatasunak mugatu egin dira, eta, horrela, birusa aitzakiatzat hartuta, euren nahierara maneiatzen gaituzte. Txertoez ez hitz egiteagatik. Txertoen atzean joko politiko, ekonomiko eta estrategiko bat dago, osasun-kezkatik oso urrun dagoena.

 

Argi ikusi egin dugu; askatasun demokratikoak murrizteko, militarrei paper berrituak emateko, migrazioari mugak ixteko eta nazionalismoa herrialdeen arteko lankidetzaren aurrean goraipatzeko balio izan du pandemiak. Azken urteetan ugaritu egin diren gobernu eta politikari autoritarioen neurrira egina dirudi koronabirusak.

Poliziaz berba egin dezagun

Paul Laka Garamendi | 2021-05-11 09:34:00

Euskal Herrian, tabua da gure burua ezkertiar eta abertzaletzat dugunontzat poliziaz hitz egitea; ez bada amorru betez gaizki esaka aritzeko. Izan ere, arrazoiak soberan ditugu horretarako. Baina salto egitera noa, ea hor behean urik dagoen.

Jakina da estatuaren indar errepresiboek gurean kontrakotasun osoa (izan) dutela, horren adierazle izanik Alde Hemendik! aldarria. Hala ere, Guardia Zibilaren lekua hartzetik, azkar batean egin zuen salto Ertzaintzak estatuaren defentsaren lehen lerro izatera. PNVren jostailu bihurturik, ekinaren ekinaz, izaera integral bat garatzen joan da; izaera zipaioa argiki. Zentzu horretan, Joxemari Agirreren (¿Cipayos? Policía vasca o brazo armado del PNV) hausnarketarekin bat egiten dut. “Beste askorekin batera, egin beharreko nazio eztabaida dugu polizia ereduarena, baina, bitartean, ozen eta garbi esan beharra dago: Herriarena ez delako, Ertzaintza hau sobran dugu.”

 

Ez naiz sartuko beraz, beharrezkoa den eztabaida sakon eta zailean, bihotza bero  izanik ere (ostiraleko irudien ostean are beroago) burua hotz aurre egitekoa dena. Ez naiz sartuko Ertzaintza eraldatzea posible ote den eta horretarako zer bide urratu beharko genituzkeen hausnartzen.

 

Bereziki arduratzen nau Udaltzaingoa Ertzaintzaren modeloarekin parekatu nahi izateak. Izan ere, EAEko Polizia Lege berriarekin, eta batez ere udaltzainen kontratazio modeloaren aldaketarekin, PNVren aspaldiko ametsa den hori errealitate bilakatzen ari da: gure herrietako udaltzainak Ertzaintzaren zerbitzu hutsera mugatzen diren morroi bilakatzea. Nik, kontrara, getxoztarron zerbitzura dagoen Udaltzaingoa nahi dut.

 

Edozein gizartek, herritarrok gure eskubideez gozatu al izateko, nolabaiteko segurtasuna bermatu beharra dauka. Segurtasunik gabe, ez dago eskubiderik. Edo, beste modu batera esanda, ez dago eskubiderik hauek garatzeko baldintzarik ez badago. Izan ere, eskubideak askatasun egoeran bermatzen dira, eta ez dago hauek askatasunez garatzerik baldintzatzaileak diren egoeretan. Hori bai, segurtasuna ez da inoiz bere horretan helburu bilakatu behar, askotan egiten den legez. Segurtasuna eskubide eta askatasun horien gozamenerako baldintza da, ez besterik. Eta nik, horrela zintzoki uste dudalako diot, iritzia daukat komunitate orok bere burua autoantolatu eta, lan banaketa eraginkorraren filosofiari eutsiz, segurtasun hau bermatzearen ardura zehatza duen kidego bat osatzeko beharra daukala. Nire eskubideak zureak hasten diren lekuan bukatzen badira, behar ditugu, norberaren momentuko iritzi pertsonalaren gainetik, hau kudeatzen lagunduko diguten arauak, eta noski, baita hauek errespetatzen direla bermatuko duten mekanismoak ere. Mekanismo horietako bat da polizia.

 

Baina polizia ez bada printzipio honetan oinarritzen, laster pasatzen da soilik errepresiboa den indar hertsatzaile izatera. Herritarron eskubide eta askatasunen jarduera librea babestea helburu izatetik, herritarron kontrola bermatzeko aginte aparatu izatera azkar batean egin dezake salto. Herriaren zerbitzura eta komunitate horren parte izatetik, herritarren kontra eta komunitatea etsaitzat izatera salto.

 

Ardura oso handia da beraz, komunitatearen aginduei men eginez, honen interesen arabera norbanakoen eskubideak eta askatasunak era puntualean (eta beti salbuespen gisa) mugatzea. Ez da edonork har dezakeen ardura. Elkarrizketarako dohaina, pedagogia handia, autokontrol sakona, hurbiltasuna eta zerbitzatzen den komunitatearen jakintza sakona, eta beste hainbat gaitasun behar dira. Baita kontrol mekanismo zorrotzak ere. Bestela, arbietrateari ateak irekitzen zaizkio.

 

Baina gaur egun, udaltzainek Arkauten, eta oso labur, jasotzen dute formakuntza. Edonor izan daiteke udaltzain, edozein direla bere gaitasunak eta ezagutza maila. Nola da posible? Irakasle izateko, mediku izateko, gizarte hezitzaile izateko, formakuntza handia jaso behar da. Ardura handiko eginkizunak diren heinean, prestakuntza handia eskatzen zaie ardura horiek beteko dituzten kideei. Baina komunitatearen mesedetan botere maila altua ematen diegun kideei, legez autoritate gisa izendatzen ditugun horiei, porra eta pistola gerrian paseoan dabiltzan horiei, ez zaie ia inolako prestakuntzarik eskatzen. Gaur egun askorentzat polizia egitea irtenbide erraza (eta azkarra!) bilakatzen ari da. Soldata duina, inpunitatea eta besteen gainetik egotea dakar. Boterea hartu eta nahieran erabiltzea, besteak zapaltzeko. Eta dena gure poltsikotik ordainduta!

 

Panorama honekin, ez da harritzekoa Txiki-Otaegi enparantzan inongo istilurik egon ez, eta udaltzain batek sortu izana. Makarrarik ez dugu nahi gure kaleetan zehar komunitatea erasotzen. Are gutxiago guk ordainduta bere gastuak. Ez dugu nahi ezta ere hizkuntza eskubideak bermatu ez, eta zapaltzen dituen udaltzainik. Ez dugu gustuko konfinamendu garaian sortutako zaintza sareekin harremana estutu eta lagundu beharrean, isunen mehatxuekin ibili zen polizia. Baina zoritxarrez, asko dauka horretatik.

 

Norabidea aldatzera behartzen ez baditugu, etengabeko tentsio eta gatazka sortzaile izango den udaltzaingo baten aurrean topatzeko arriskua daukagu. Ez da txantxetarako kontua. Herri bezala mahai gainean kolpea eman eta nahikoa dela esateko ordua heldu delakoan nago. Ez da gazteen arazoa soilik, arazo hau denona da, eta garaiz heldu ezean, gureak egin du.

 

Bada garaia, getxoztarrok merezi dugun kalitatezko zerbitzu publiko gisa jardungo duen udaltzaingo bat sortzeko, herritarrekiko hurbila, proaktiboa eta jendartearen beharrei erantzungo diena, berdintasun baloreetan oinarrituko dena eta jardunbide demokratikoa izango duena. Erabaki politikoa da. Eta gure zerbitzura baino, gure kalterako dauden udaltzainak, kanpora. Has dadila udal gobernua Txiki Otaegin istiluak sortu zituen udaltzain hori kanporatuz. Ez da gehiegi eskatzea. Bestela, jarraituko dugu polizia gorrotatzen, zer erremedio!