Hori egiteko arrazoiak mila eta inori azalpenik emateko beharrik ez. Polizia arin ibili zen eta ohiko jarrerarekin erantzun zuen ekintza hau burutu zuten gazteen aurka. Gutxi iraun zuen Gaztetxe berriak, baina gazteek etsitzeko asmorik ez dutela ere jakin izan genuen.
Udalbatzara ere hurbildu zen gazte talde bat, herriko administrazio espazio gorenera, herritarrok ordezkatzen gaituzten alderdi politikoei, eta batez ere Getxoko alkateari, zuzenean hitz egiteko. Gazte kolektiboaren arazo eta kezkei buruz aritu ziren eta baita udal gobernuari konpromiso eta neurri zehatzak eskatu ere. Gure sorpresarako, alkateak paternalismoz eta goxotasunez betetako diskurtso baten bidez gazte hauei eurekin esertzeko gonbitea luzatu zien.
Getxoko alkateak gazte mugimenduari egingo dion hurrengo iruzurraren aurrean egongo ote gara? Ez da lehenengo aldia EAJ buru duen Getxoko udal gobernua gazte asanbladekin elkartzen dena. Eta hitzemate asko, baina betetze gutxi; Itzubaltzeta II Gaztetxeko kideekin egin zutena ikusi besterik ez dago: uholde posibleengatik egin beharko zituzten obrak zirela eta, gazteek eraikina utzi behar izan zuten eta elkarrizketa batzuen ostean udal gobernuak asanbladaren egitaraua garatzeko beste leku apropos bat hitzeman zien. Denborak aurrera egin zuen, tarte horretan ordura arteko gaztetxea erre egin zen, edo erre egin zuten, eta asanbladaren eta udal gobernuaren arteko elkarrizketek ez zuten garapen onik izan. Itzubaltzetako gazteak azkenean espaziorik gabe geratu ziren.
Gazte belaunaldi horrek EAJ-rengan esperantza handirik ez zuela izan pentsa dezakegu, edo izan bazuen ere hortik irakaspen onak aterako zituen, ziur. Orain, beste auzo batean eta beste belaunaldi bateko gazteak, baina alderdi bera buru duen udal gobernua izanda, esperantza gutxi ere izan dezatela espero dezagun. Frustrazioak ekiditeko, batik bat.
Hala ere, poztekoa da ikustea Algorta eta Itzubaltzetako gazte mugimenduak ez direla konformatzen, ez direla instituzioen zain geratzen. Entzun bai, probatu bai, baina iruzurren aurrean gazte mugimenduek alternatiba propioak bilatzeko gaitasuna erakutsi dute. Eta sutea datorrela irakurri dugu Algortako hormetan… Arretaz jarraituko diogu.