AKTUALITATEA

| 2026-06-03

Nafarroako EH Bilduko talde parlamentarioak ondorioztatzen du, 135 orrialde baino gehiagoko txosten sakon batean, Batzordean ez dela frogatutzat eman Nafarroako Gobernuan ezta Foru Administrazioan ere ustelkeria-jardunbiderik egon denik.«Ez da hauteman ezta frogatu ere praktika ustelik kontratazio-prozesuetan arduradun politikoek edo funtzionarioek egindakorik, eta horrek ez du esan nahi halakorik egon ezin izan denik; horien existentzia eta zehaztapena, hala badagokio, zigor-justiziari dagokio.»

Koalizio subiranistaren arabera, ikerketak legezkotasunaren eta administrazio onaren printzipioen urraketak egon direla egiaztatu baditu ere, ez da frogatu arduradun publikoen eta eragile pribatuen arteko legez kontrako akordiorik egon denik, ezta irregulartasun horietatik eratorritako bidegabeko etekin ekonomikorik lortu denik ere.

Atzemandako gabezia eta prozedura-akatsen aurrean, EH Bilduk hainbat gomendio egiten dizkie Nafarroako Gobernuari eta eskumena duten foru-erakundeei. Horien artean daude Kontratazio Publikoaren Plan Integral bat onartzea, kontratazio elektronikorako sistemak indartzea prozedura guztien trazabilitate osoa bermatzeko, eta Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sendotzea, kontrolerako, gardentasunerako eta ustelkeriaren prebentziorako tresna eraginkorra izan dadin.

EH Bilduk berretsi egiten du ustelkeriaren aurkako borrokarekiko duen konpromisoa, eta erakunde publikoen osotasuna kaltetu dezakeen edozein jarduera prebenitzeko, detektatzeko eta jazartzeko lanean jarraituko du. Ustelkeria mehatxu larria da kalitate demokratikoarentzat; herritarren konfiantza ahultzen du erakunde publikoengan, sistema politikoaren zilegitasuna higatzen du eta bizikidetza demokratikoaren oinarriak zalantzan jartzen dituzten diskurtso eta mugimenduen agerpena errazten du.

Horregatik, gardentasuna, kontu-ematea eta kudeaketa publikoaren eredugarritasuna indartuko dituzten neurriak sustatzen jarraituko dugu, herritarren konfiantza sendotzeko eta interes orokorraren zerbitzura dauden erakundeak bermatzeko helburuarekin.