Irlandako Sinn Feineko, ERC eta CUP alderdi katalanetako eta BNG alderdi galegoko ordezkariak EH Bildurekin batera izango dira ezker independentistak Iruñean ospatuko duen Aberri Egunean. Declan Kearney Sinn Feineko koordinatzaile nazionala Iruñean izango da igandean, eta hitza hartuko duen nazioarteko ordezkaritza izango da Nafarroako hiriburuko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioari amaiera emango dion ekitaldi politikoan.
ERCren aldetik, Marta Rosique diputatua eta Pau Morales barne antolaketako arduraduna joango dira Iruñera. Albert Gimenez CUPeko idazkari nagusiak ordezkatuko du Kataluniako alderdia. BNG aldetik, Ruben Cela izango da Iruñean, Galiziako subiranisten nazioarteko arduraduna.
Sinn Fein, ERC, CUP eta BNG alderdiez gain, Michael Forrest Kanakiako FLNKSko ordezkaria ere izango da Iruñean EH Bilduren ondoan.