EH Bilduren ekimenez, Subillan (Gasteiz) dagoen eta EAJk eta Jaurlaritzak nola edo hala esplotatu nahi duten Armentia-2 gas putzua hizpide izan du gaur Legebiltzarrak. Proiektu horren defentsan jeltzaleak bakarrik geratu direla gogorarazi dio Mikel Oterok Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuari, eta Gasteizko Udalak putzua esploratzeko lizentzia ukatu ostean erabaki horren kontra auzitegietara jo izana aurpegiratu dio. Edonola ere, ohartarazi dionez, helegitea irabaziz gero ere, Lakuak ezin izango du putzua ustiatu, Klima Aldaketaren Legearen tramitazioan, Kongresuan, aukera hori itxita geratu delako dagoeneko. Hori dela eta, Oterok “barregarri geratzea eta inora ez daraman auzi batekin jarraitzeko diru publikoa xahutzea” leporatu dio Tapiari.
EH Bilduko legebiltzarkideak “gezurrak esateari uzteko” eskatu dio sailburuari, “gezurra baita Subillan gas-poltsak daudela; aspalditik dakigu ez dela horrela, hobi ez-konbentzionala da, eta horrek esan nahi du gasa ateratzeko lurralde osoa zulatu beharko litzatekeela”.
Ironiaz, Oterok Armentia-2 putzua Europako Funtsekin finantzatzeko proiektu gisa planteatzera dei egin dio Tapiari. “Garaiz zaudete, baina, noski, ez duzue egingo, proiektu hori trantsizio ekologikoaren baitan aurkezten baduzue, Europako Batzordearen barreak eta algarak Timbuktutik entzungo direlako. Bakarrik zaudete eta kontrako norabidean zoazte. Horrekin aurrera egitea guztiaren aurka joatea da, jendearen borondatearen aurka, gainerako alderdi guztien aurka, baita zuen gobernu-kidearen aurka ere, klimaren aurka, energia berriztagarrien aurka eta sen onaren aurka. Hala ere, EAJk jo eta ke jarraitzen du, berak sortu zuen arazoa, bizirik mantendu zuen eta iraunarazi egin nahi du. Trantsizio energetikoan EAJ arazoaren parte da”.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten sei ikastetxe pribatuk, guztiak Opus Deiri lotutakoak, Hezkuntza Sailaren finantzazio publikoa (13 milioi euro inguru) jasotzen dute urtero, sexismoa areagotu eta estereotipoak sendotu egiten dituen “anomalia segregatzaile bat”, Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan. Hezkuntzaren “eredu baztertzaile” hori bultzatzen duten ikastetxeak diru publikoz laguntzea onartezina delakoan, EH Bilduk ikastetxe horiei finantzazio publikoa moztea proposatu du, LOMLOE lege berriak aurreikusi bezala.
Koalizioaren ekimena Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetan eztabaidatu da gaur. Nafarroan onartu dute EAJ koalizio-kide duen Geroa Bai eta PSNren babesarekin; Gasteizko Legebiltzarrean, aldiz, EAJk eta PSEk PP eta Voxekin bat egin eta atzera bota dute, Arresek salatutako “anomalia segregatzailea” mantentzeko. EH Bilduren ordezkariak EAJ eta PSEren kontraesana gogor kritikatu du, ulertezina delako Iruñean, 100 kilometrora, onartu duten proposamen berbera Gasteizen bertan behera uztea.
Ikastetxe horiek diru publikoz laguntzea ala ez hautu politikoa dela azpimarratu ostean, Arresek ohartarazi du zentro horiei finantzazio publikoa emateak Jaurlaritzaren beraren irizpideak urratzen dituela, laguntza horiek bateraezinak direlako Hezkidetza planean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean ezarritako helburuekin. “Ezin daiteke hezkidetza, parekidetasuna eta berdintasuna sustatzen dela esan eta gero, aldi berean, ikastetxe hauek diru publikoz laguntzea”.
EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean Jaurlaritzaren txertaketa estrategia zuzendu eta prozesua azkartzeko. Rebeka Uberak Gotzone Sagardui Osasun sailburuari hala azaldu dio haren agerraldian: “Momentu honetan lehentasuna txertaketa kanpaina azkartzea izan beharko litzateke, ahalik eta azkarren, eperik laburrenean, ahalik eta herritar gehien txertatuta izateko eta talde babesa lortzeko. Eskura dituzun bitarteko guztiak horretara jarri beharko zenituzke, Sagardui anderea”. Txertoaren bigarren dosia baztertu gabe, lehenengo dosia lehenetsi behar da, adierazi du Uberak, horrek taldeko immunitatera lehenago iristea ahalbidetuko baitu.
Hori da EH Bilduren proposamenak duen helburua, gero eta orokortuago dagoen ebidentzia zientifikoa baita txertoak ahalik eta gehien, ahalik eta azkarren jartzea funtsezkoa dela taldeko immunitatea lortzeko eta, beraz, bizitzak salbatzeko. Txertoak gordetzea, Jaurlaritzak orain arte egin duen moduan, ez da, beraz, estrategiarik eraginkorrena, “txertoak ez jartzeak bizitzak arriskuan jartzea suposatzen baitu”, Uberak esan bezala. “Txertoak jartzeko dira, ez gordetzeko, jartzen den txerto bakoitzak bizitzak salbatzen dituelako”.
Estrategia aldaketa horrek txertaketa ekipoak indartzea eskatzen du ezinbestean, azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak. Hori dela eta, koalizioaren proposamenak behar adina erizain prestatzea planteatzen du –“txertoak baditugu, baina txertoak jartzeko eskuak falta direla dirudi”– eta, horren ildotik, “Erizaintzako azken ikasturteko ikasleak txertaketa kanpainara gehitzea” proposatzen du, betiere haiek hala nahi badute eta lan hori euren ikasketetan kontuan hartuta.
Uberak txertaketa kanpainan inprobisazioz, planifikazio eta irizpide argirik gabe, gauza bat esanez eta bestelakoa eginez aritzea egotzi dio Osasun Sailari, eta premiazkotzat jo du jokaera hori zuzentzea plan eta kronograma argi bat mahai gainean jarriz, txertatu beharreko kolektiboek zein astetan jasoko duten txertoa zehazte aldera. Horren harira, patologiak dituzten pertsonak prozesu horretan lehenetsi beharreko kolektibo gisa tratatzeko eskatu dio sailburuari, Medikuntza Prebentiboaren Elkarteak gomendatu bezala. “Kolektibo zaurgarrienak lehenetsi behar ditugu eta agendaren lehen lerroan kokatu behar ditugu, baina patologiak dituzten pertsonak ahaztu handienetakoak izan dira, Osakidetzak ez ditu orain arte kontuan hartu eta jakin behar dute noiz eta nola jasoko duten txertoa”.
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean Sestaoko labe garaia “defendatu, mantendu eta balioan jartzeko”, haren proiekzioa ere handitzeko, “1848an Boluetako Santa Ana fabrikan lehenengo labea piztu zenetik, labe garaia ziurrenik elementu esanguratsuena izan baita Bilboko itsasadarraren paisaian”. Sestaon zutik dirauen labea, gogorarazi du Casanovak, 1959an eraiki eta 1995era arte aritu zen lanean (eraisketatik salbatu zen Altos Hornos de Vizcaya enpresa desagertu zenean), eta babes maila altuena jaso zuen 1999an monumentu-kategoriako kultura-ondasun gisa. Gaur egun, Euskal Kultura Ondareari buruzko 2019ko Legearen arabera, babes bereziko ondasun kulturala da.
Horrek, hala ere, ez du labea modu egokian mantentzea bermatzea ekarri eta, Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak salatu bezala, duela egun batzuk bertako objektuak lapurtu ziren, bai eta instalazioan kalteak eragin ere. Hori dela eta, labe garaia legez babestuta dagoela kontuan harturik, EH Bilduk espoliazio hori saihesteko neurriak hartzeko eskatu die Jaurlaritzari, Bizkaiko Aldundiari eta Sestaoko Udalari.
Casanovak sinatutako proposamena harago doa, dena den. Euskal Ondare Kulturalaren Legeari jarraiki, administrazio publikoen eta erakunde pribatuen arteko aliantza baten sorrera, fundazio bat edo, sustatu dezatela eskatzen die Jaurlaritzari eta Aldundiari “labe garaia defendatu, mantendu eta balioan jartzeko, betiere Sestaoko Udalak duen proiektua eta Jaurlaritzak berak enkargatutako jarduera-plana kontuan hartuta”.
Halaber, “herri honen lanaren historia osatzen duten elementu materialak, industria-iraultzaren berezko lanabesak, besteak beste, berreskuratzea” proposatzen du eta, horren haritik, horiek “Jaurlaritza egiten ari den kultur ondasun immaterialen mapan jasotzeko” eskatzen du, “gure memoriaren oinarri diren heinean”.
Itxaso Etxebarria EH Bilduko legebiltzarkideak azalpenak eskatu dizkio Gotzone Sagardui Osasun sailburuari Trebiñuri eskaintzen zaion larrialdietako zerbitzuari buruz, duela egun gutxi gertaturiko kasu batek ondorio larriak izan ditzakeen koordinazio falta agerian utzi zuelako. Etxebarriak gogora ekarri duenez, Jaurlaritzak eta Gaztela-Leongo Juntak lankidetza-protokolo bat sinatu zuten 2012an Trebiñun larrialdietako zerbitzua Osakidetzak eman ahal zezan, betiere kasu bakoitzean dispositiborik egokiena erabilita.
Hala ere, salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, “hori ez da beti hala gertatzen, koordinazio faltaren ondorioz, eta duela egun batzuk horren adibidea ezagutu genuen”. Azaldu duenez, “Argantzungo bizilagun bat, bihotzekoak jota zegoelako zantzu argiekin, lehenengo momentuan Miranda de Ebroko ospitalera eraman zuten, eta gero Burgoseraino, nahiz eta familiak behin eta berriz esan zuen Txagorritxura eraman behar zutela, pazienteak bertan zeukalako bere txosten mediko osoa eta aurretik ebakuntza bat egina ziotelako han”.
Hori dela eta, Etxebarriak azalpenak eskatu dizkio Osasun sailburuari. “Azaldu behar du ea Osakidetzak ikerketaren bat ireki duen gertatukoa argitzeko, ea nola den posible deskoordinazio hori hain delikatua den zerbitzu batean, ezin dugulako ahaztu koordinazio falta horren ondorioz pazienteren bat hil litekeela. Norena litzateke erantzukizuna, hori gertatuz gero? Azkenik, jakin nahi dugu zenbat erreklamazio jaso dituen Osakidetzak 2012az geroztik berak artatu behar zituen larrialdiak Gaztela-Leongo osasun zerbitzuetara bideratzeagatik”.
Nerea Kortajarenak ohartarazi du pandemiak pobrezia energetikoaren arazoa larriagotu duela eta egun 200.000 pertsona inguruk ez dutela kalefakzioa pizteko gaitasun ekonomikorik. Behar-beharrezkotzat jo du, hortaz, herritar guztiei oinarrizko hornidura energetikoa bermatzea.
Udal eta kontzeju askoren baliabide falta kontuan hartuta, eurenak diren ondasunak berreskuratzeko laguntza eta babesa eskaini diezaiela eskatu dio EH Bilduk Lakuari.
Rebeka Uberak Covid iraunkorraren efektuez ohartarazi eta premiazkotzat jo du Osasun Sailak erantzun egokia ematea. Osakidetzan FFP2 maskaren erabilera orokortzea ere proposatu du, langileen segurtasuna hobetzeko.
Itxaso Etxebarriak salatu duenez, diru-laguntzak jaso ahal izateko baldintzak aldatuta, HABEk Trebiñuko biztanleak zigortu ditu. HABEk sortutako arazoa konpontzeko eskatu dio Jaurlaritzari.