EH Bilduk Diadako ekitaldietan parte hartu du Bartzelonan, beste behin Kataluniako herriaren ondoan egoteko eta urtero bezala gure babesa eta elkartasuna helarazteko. Olatu erreakzionarioaren aurrerapenaren eta inboluzio demokratikoaren arriskuaren aurrean, ezkerreko indar subiranistak ezinbestekotzat jotzen du gure nazioen eta gure herrien eskubideak defendatzea. Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak, Laura Aznal Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak eta Idurre Bideguren Senatuko bozeramaileordeak osatu dute EH Bilduren ordezkaritza.
EH Bildu oso kontziente da bizi dugun une erabakigarriaz, eta ziur dago gure herriaren eskubideak defendatzeko nazio aske, demokratiko eta bidezkoak eraiki behar direla, herritar guztiek beren eskubideak bermatuta izateko eta erabateko berdintasunean bizitzeko. "Gure hizkuntzak, Europako Batasunean ere, aitortuak, mintzatuak eta ofizialak izan beharko lirateke, eta horren alde lanean jarraitzen dugu", gogoratu du Aizpuruak.
Eskuin muturraren gorakadaren aurrean eta mehatxu autoritario eta birzentralizatzailearen aurrean, helburua eskubide gehiago dituzten nazio askeak lortzea dela deritzo EH Bilduk, berdintasun handiagoa eta geure etorkizunari buruz erabakitzeko gaitasun handiagoa izateko.
Aldebiko bilerak
Aizpuruak nabarmendu du ezkerreko subiranistak urteak daramatzala norabide horretan lanean, Euskal Herrian zein Euskal Herritik at, gure herriaren interesak edozein alderdi interesen gainetik jarriz. Logika beretik abiatuta, EH Bildu aldebiko bilerak egiten ari da indar subiranistekin, baita Kataluniako indarrekin eta Estatuko ezker konfederalarekin ere, gure nazioen eta herritarren eskubideak eta interesak defendatzeko "elkarlanean aritzeko eta indarrak batzeko". "Nazio aniztasuna aitortzea da batzuek inposatu nahi diguten olatu erreakzionario eta autoritarioaren aurkako antidotoa ezartzeko bidea", ohartarazi du bozeramaile subiranistak.
Horrez gain, demokratizazioan aurrera egiten laguntzeko prestutasuna adierazi du EH Bilduk, nazio aniztasuna erdigunean jarriz. "Erabat sinetsita gaude Estatuaren errealitate plurinazionala aitortzea eta bermatzea bide onena dela olatu erreakzionarioari aurre egiteko, eskubideak zabaltzeko eta demokrazia indartzeko, eta, aldi berean, gure herriak eta haien etorkizuna libreki erabakitzeko gaitasuna defendatzen ditugu", azaldu du Aizpuruak.
Eskubideak birzentralizatu, uniformizatu eta murriztu nahi dituztenen aurrean, gure erantzuna demokrazian, eskubideetan eta burujabetzan sakontzea izan behar da. Euskal Herriak eta Kataluniak beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutelako, eta bide horretan beti aurkituko gaituztelako alboan, gizarte aske, bidezko eta berdinzaleago baten alde lan egiten.