AKTUALITATEA

| 2026-09-12

‘Badatorren Euskal Herria’ lemapean, EH Bilduk Gasteizko Europa Jauregian elkartzera deitu ditu bilkideak datorren larunbaterako. Besteak beste, egoera politikoaren azterketa eta 2026-2027 ikasturterako Ekintza Plana landuko dira, eta Indarkeria Matxistaren Aurkako Protokoloa eta EH Bilduren Kode Etikoa bozkatuko dira. Halaber, Komunikazio arduradun berria hautatuko da.

Testuinguru berezian egingo da aurtengo Konferentzia Politikoa, Euskal Herria bere osotasunean mehatxu autoritarioaren pean dagoen honetan. Horren harira, Sonia Jacinto EH Bilduren Antolakuntza idazkariak adierazi duenez, “prest gaude edozein eszenatokiren aurrean gure onena emateko. Euskal Herriak beti jakin izan du, garai zailenetan ere, altxatu eta asmatzen”.

Zentzu horretan, datorren larunbateko Konferentziak baikortasunez eta itxaropenez ekiteko deia ere izan nahi du.

“EH Bilduk oinarri militante zabala dauka; hori da gure altxorrik preziatuena. Umiltasunaren eta zintzotasunaren eredu dira bilkideak, herri honekiko eta bere jendearekiko maitasunagatik urrats bat aurrera emateko prest daudenak. Juan Karlos Izagirrek, adibidez, ongi gorpuzten du hori”, adierazi du indar subiranistaren buruzagiak.

Urte politiko honetan ere, oso garrantzitsua izango da EH Bilduren komunitatearen lan militantea. “Guk ez dugu establishmentaren babesik. Hauteskundeetara aurkeztu ez baina asko agintzen duten boteretsuek ez baitute gustuko ezkerreko soberanistok defendatzen duguna”, adierazi du Jacintok.

Larunbatean, EH Bilduren kidegoak ebatzi beharko dituen gaien artean dago Indarkeria Matxistaren Aurkako Protokolo eguneratua. “Indarkeria matxistaren deuseztatzea etxe barrutik hasten da. Inor ez dago patriarkatuaren eraginetik salbu. Gizarte feminista eta berdinzalea eraiki nahi badugu, eredugarriak izan behar dugu, etxetik hasita”, esan du Sonia Jacintok.

Horrez gain, Kode Etikoa bozkatuko da. “Hautetsi edo kargu publiko izateko konpromisoa hartzen duenak bat egin behar du EH Bilduren printzipio eta balioekin. Interes kolektiboa lehenetsita, eredugarritasuna kudeaketan eta garbitasuna baliabide publikoen erabileran”, adierazi du EH Bilduren Antolakuntza idazkariak.

Azkenik, EH Bilduren Komunikazio arduradun berria hautatuko da. III. Kongresuan komunikazio arduradun izendatutako Garikoitz Mujikak aurrerantzean Legebiltzarrean parlamentari eta Komunikabideen Politikako idazkari gisa zentratuko du bere jarduna.

Sonia Jacintok Gasteizera gerturatzeko gonbita luzatu die bilkideei, “antolakunde indartsu, ahaldundu eta ahalik eta prestatuena izateko mugarri garrantzitsua baita Konferentzia Politikoa” azpimarratuta.