Indar subiranistekin eta ezker plurinazionalarekin egiten ari den bileren barruan, EH Bilduk Más Madrid alderdiarekin egin du bilera. Bilera Bilboko ezker subiranistaren egoitzan egin dute.
EH Bilduren izenean, Sonia Jacinto Antolakuntza idazkariak, Gorka Elejabarrieta Harremanetara idazkari eta Senatuko bozeramaileak eta Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikoko idazkariak hartu dute parte. Mas Madriden izenean, berriz, Hector Tejero Analisi Politiko eta Programa arduraduna eta Lucia Lois Madrilgo hiriko arduraduna izan dira bilkuran.
EH Bilduk eta Más Madridek Estatuaren egoera nahasia eta nazioarteko testuinguru ezegonkorra aztertu dituzte, non nazioarteko zuzenbideak pisua galtzen duen eta herritarren gehiengoaren interesen kontra doazen logika belizistak inposatzen diren.
Indar subiranistak eta Más Madridek kezka agertu dute, Espainiako Estatuan eta bertan bizi diren nazioetan herritarren oinarrizko eskubideak mehatxatzen dituen olatu autoritario eta atzerakoia gero eta handiagoa delako. Bi alderdiek azpimarratu dute ezkerreko indarren betebeharra dela mehatxu autoritario hori geldiaraztea, eta elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dute, joera horrek aurrera egin ez dezan.
Horren harira, EH Bilduk eta Mas Madrilek uste dute oinarrizko zerbitzu publikoak indartzea eta etxebizitza, osasun publiko unibertsal eta kalitatezkoa eta hezkuntza publiko sendoa izateko eskubidea bermatzea dela autoritarismoaren aurrerapenari aurre egiteko tresnarik onena. Azken finean, herritarrei bizi-segurtasuna emango dieten politika publikoetan sakontzeko apustua egiten dute.
Era berean, demokrazian sakontzeko beharra defendatu dute. Oinarrizko printzipio demokratikoak mehatxatzen dituztenen aurrean, demokrazia gehiago. Zentzu horretan, Espainiako Estatuaren izaera plurinazionala aitortzeko unea iritsi dela uste dute.