AKTUALITATEA

| 2024-02-28

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak “epe luze-ertaineko herri ikuspegi” baten beharra aldarrikatu du gaur, eta ohartarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaur egun indarrean dagoen gobernagarritasunak eta koalizio sistemak ez dutela “herri xede bat”. ETBn egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, EAEko “politikagintzak duen defizit larriena da indarrean dagoen gobernugintzak ez duela xede bat, herri xede bat, etorkizuneko proiektu baten inguruko ikuspegi partekatu sendorik. Indarrean dauden koalizioak batzuen eta besteen interes alderdikoiak eta epe motzeko ikuspegiak ordezkatzen dituzte”.

Otxandianoren irudiko, “azken urteotan indarrean egon den politikagintzak eta gobernagarritasunak ez du herri proiektu bat oinarri. Epe luze-ertaineko herri ikuspegi bat falta zaigu, herri honek datozen urteotan izan behar duen garapenaren inguruko lurzoru partekatu bat”. Horren ordez, erantsi du, “epe motzeko politikagintza bat dago indarrean, interes alderdikoiek baldintzatutakoa”.

Hori dela eta, aurkeztu berri duen ‘Begirada’ saiakeran arazo horri heldu nahi izan dio Otxandianok. Hausnarketa bat da “herri honek epe ertainera dituen erronkei buruz eta erronka horiei heltzeko behar ditugun gobernagarritasun eta politikagintzari buruz”, eztabaida politikoaren maila igotzeko eta epe luzeko begirada bat hartzeko, epe motzeko politika, interes alderdikoiek baldintzatutakoa, alde batera uzteko asmoz.

Hauteskundeei begira, emaitzek “mandatu demokratiko” argia utziko dutelakoan dago EH Bilduko lehendakarigaia. Batetik, “burujabetzan aurrera egiteko, oso posiblea baita Legebiltzarrean 75 eserlekuetatik 55 subiranistak, abertzaleak edo, kasuan, independentistak izatea”; bestetik, “politika publiko aurrerakoiagoak egiteko, ezkerreko joera izango duen gehiengo bat egongo delako”. Hori horrela, “galdera da mandatu demokratiko hori inplementuko den ala ez, mandatu demokratiko horren gainean ze proiektu eskaini behar zaion herri honi”.

Horren harira, Otxandianok esan du “gaur dugun gobernagarritasunak ez duela herri proiektu bat ordezkatzen, interes alderdikoiak baizik, eta, ondorioz, oso epe laburreko politika dugu, herri proiektu bati erantzuten ez diona”. Hurrengo hauteskundeen ostean, hala ere, “mapa politikoa aldatuko da, eta alderdi guztiok onartu beharko dugu euskal gizarteak ezartzen digun rol berria, eta ondoren negoziatu beharko dugu nola antolatu gobernagarritasuna, eta hor ezin da planteatu etorkizuneko herri proiektu bat EH Bilduri bizkarra emanda; hori ez da aukera bat”.

Jaurlaritzak Etxebizitza Legearen aurka aurkeztutako konstituzio-kontrakotasun helegitea ere hizpide izan du EH Bilduko lehendakarigaiak. Bere iritziz, horren harira ireki den eztabaida “soluzioak planteatzeko probestu behar dugu”, bistakoa delako “etxebizitzarekin arazo handia dugula”. Izan ere, “Europako emantzipazio tasa baxuenetarikoa dugu, prezioak neurriz kanpo daude, hainbat udalerritan etxebizitza bat eskuratzea ia ezinezkoa da, alokairuzko etxebizitzaren eskaintza oso urria da… Horrek guztiak ondorio sozial larriak ditu, desberdintasun sozialak areagotzen direlako”.

Horren aurrean, “neurri konkretu bat baino gehiago, neurri sistema bat da martxan jarri behar dena, eta 2015ean Legebiltzarrean onartu genuen Etxebizitza Legean oinarria dago horretarako”. Otxandianok “etxebizitza politika publiko proaktibo” baten beharra azpimarratu du, eta horrek “tresna juridiko guztiak gure esku egotea” eskatzen duela ohartarazi du. Izan ere, “gauza bat da etxebizitza eskumena guk izatea eta beste gauza bat da egin beharreko etxebizitza politika integral hori egiteko orduan, alokairua mugatzeko, adibidez, afekzio bat dagoela jabetza eskubidean edo jarduera ekonomikoa koordinatzeko titulu konpetentzialari dagokionez, eta titulu konpetentzial horiek Estatuarenak dira, ez daude gure esku. Beraz, honek harreman zuzena du burujabetzarekin eta estatus politikoarekin. Bada garaia estatus politikoa definitzeko, etxebizitza politika integral bat egiteko eskubide guztiak emango dizkiguna, gaur egun ez dauzkagulako eskubide horiek gure eskuetan”.