AKTUALITATEA

| 2025-06-26

Nerea Kortajarena:

Gaur agertzen gara EAJk eta PSEk herritarrei emandako hitza bete ez dutela ohartarazteko. Dakizuenez, EH Bilduk zuzenketa bat erregistratu zuen Osasun Mahaian harreman publiko-pribatuari buruz, eta gobernuak berehala itxi nahi izan du prozesu hori; izan ere, Osakidetzan zerbitzuaren kalitatea berreskuratzea baino gehiago, argazkia atera eta urteurreneko oparia nahi izan ditu.

Zein da duela urtebete eskas hautetsontziek emandako mandatu herritarra? Zein konpromiso hartu genuen alderdi politiko guztiok hauteskunde-kanpainan? Zein izan zen Lehendakariaren promesa hasieran? Beno, bada, urtebete geroago egiaztatu dezakegu mandatu herritarrari bizkarra emateko tentazioa dagoela.

Gogoratu dezagun osasungintza publikoa eta Osakidetza blindatzeko agindu bat bazegoela, azken urteetako krisi instituzional eta sozialik handiena izan denari irtenbidea emateko. Eta, gogora dezagun, Jaurlaritzak harro babesten duen diagnostikoak hauxe esaten duela zehazki: pribatizazioek eragin dutela Osakidetza ahultzea.

Eta EAJk eta PSEk kontuak eman behar dituzte egoera honen aurrean. EH Bilduk kontsentsu proposamen bat egin zuen, elkargune bat, eta hau osasun publikoaren aldeko konpromiso argia da. Argi dago:

    • Zehazki zer ari den esternalizatzen jakitea
      
    • Enpresa pribatuekin egindako kontratuak banan-banan berrikustea
      
    • Esternalizazio berriak zorrotz kontrolatzea
      
    • Pribatizatutakoa berreskuratzea
      
    • Publikoa indartzea

EH Bilduk planteatzen duen honetatik, zerekin ez daude ados? Zergatik ez dute EAJk eta PSEk honetaz eztabaidatu nahi? Proposatzen dugun honetatik, zerekin ez zaudete ados? Ez dakigu. Busti daitezela.

Kontakizun eta argudio alferrak eta aldi berean kezkagarriak entzun ditugu. Hirugarren sektorea erabili da Confebaski Osakidetzaren etorkizunari buruzko erabakiak hartzen uzten ari zaiola estaltzeko. Eta, orain arte, guk dakigula, Confebask ez da ONG bat, ezta irabazi-asmorik gabeko erakunde bat ere. Eta Mahaia ez da inoiz gehiengoak ebazteko gunea izan.

Nor ordezkatzen du Confebaskek? Nork eman dio botoa? Izan ere, guri 340.000 pertsonak baino gehiagok eman digute botoa, sindikatuei langileek ematen diete botoa. Berdin EAJ eta PSEri. Kezkatu egiten gaitu EAJk eta PSEk beto eskubidea onartu izana irabazi asmoa soilik ordezkatzen duen eragile bati. Osasunarekin negozioa egitea bilatzen duena. Eta EH Bildu, mandatu herritarrari leial, ez da horretara makurtuko.

Bihar Mahaira joango gara, prozesu osoan egin dugun bezala, eta dokumentu bakoitzari buruzko jarrera hartuko dugu. Ekarpen kualitatiboa egin dugu eta milaka ordu sartu ditugu. Jende talde ikaragarria inplikatu da ezbairik gabe. Eta guk balioa eman nahi diogu berriro.

Orain da garaia Eusko Jaurlaritzak osasun sistema publikoarekiko konpromisoa hartu eta herriaren agindua betetzeko.