AKTUALITATEA

Naziogintza | 2025-06-25

Lauaxeta fusilatu zuteneko urteurrenean, azaroan ezker subiranistak Bilboko kaleetan egin ohi duen manifestazio nazionalarekin amaituko den udakao kanpaina aurkeztu du, gaur goizean. Donostiako Haizearen orrazian. ‘Euskal Herria Askatasun Haizea’ lelopean egingo den mobilizazioa azaroaren 22an izango da, eta Arkaitz Rodriguez EH Bilduko Ekintza Politikorako idazkariak azaldu duenez, “berrespen nazional eta antifaxista ekintza masiboa” izan nahi du.

Arkaitz Rodriguez:

2025aren azken txanpan esanahi politiko handiko hiru urteurren emango dira: Txiki eta Otaegiren fusilamenduaren, Francoren heriotzaren eta Juan Carlos I Borboikoaren koroatzearen 50. urteurrenak, hain zuzen.

Urteurren hirukoitz hori testuinguru ezin bereziagoan emango da:

  • Trump-en agintaldi berriak hauspo nabarmena eman dio internazional erreakzionarioari eta haren agenda autoritario, antidemokratiko eta oligarkikoari, gizarte-sektore zabaletan bestela ere nabarmenak ziren kezka, ezinegona eta beldurra areagotuz.

  • Espainiako eta Frantziako Estatuetan ere bloke erreakzionarioa indartzen ari da, baita, nazioarteko haize horien laguntzaz, luze gabe estatu bien gobernuetara irits litekeelako ustea ere.

  • Bien bitartean, Euskal Herriaren nazio aitortzaren eta estatus politikoaren gaineko eztabaida zabalik dago, intentsitate eta erritmo ezberdinekin bada ere, Euskal Herria zatitua dagoen hiru eremu administratiboetan eta, beraz, Euskal Herriaren lurralde-eremu osoan. Areago, Hego Euskal Herriaren kasuan, estatus politiko berri baten gaineko balizko adostasun batean parte hartzera deituak leudekeen indar politiko guztiak ere bat datoz esaterakoan balizko adostasun hori saiatzeko eta, kasuan, legokiokeen prozesu politiko-instituzionala abian jartzeko unea orain dela.

Testuinguru horretan eta efemeride horiek direla eta, “Euskal Herria askatasun haizea” lelopean, EH Bilduk manifestazio nazionala egingo du azaroaren 22an, Bilbon, Casillan hasi eta Udaletxean amaituko dena, eta horren aurretik komunikazio kanpaina bat egingo dugu, gaurko ekitaldi honekin hasiera emango dioguna. Eta hori guztia honako helburuekin:

  • Lehen helburua: Euskal Herriaren nazio izaera eta burujabetza aldarrikatzea.

    • Espainiako Estatuaren lurralde-ereduaren zein EAEren eta Nafarroa Garaiaren estatus politikoen eztabaida zabalik dagoen honetan, Euskal Herria zazpi herrialdez osaturiko nazioa dela eta, nazioa den heinean, bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea zor zaiola aldarrikatuko dugu.

    • Halaber, aldarrikatuko dugu, abagune politiko, ekonomiko eta sozial honetan, euskal herritarrok albait burujabetza handiena eskuratu beharra dugula, herri gisa ditugun erronka kolosalei arrakastaz aurre egin ahal izateko eta, oro har, langile eta herri sektoreen aterpe izango den proiektu nazional justu, demokratiko eta berdinzale bat eraiki ahal izateko.

  • Bigarren helburua: abagune honetan, duela 50 urte frankismoak “lotuta eta ondo lotuta” utzi zuen hori askatzeko premia eta aukera dagoela mahai gaineratzea, baita, horretarako, Txikik eta Otaegik sustatu zuten “askatasun haizea” hauspotzen jarraitu beharra dagoela azpimarratzea ere.

    • Espainiako Trantsizio Demokratikoa “transakzio” hutsa izan zen. Ez zen apurketa demokratikorik izan. 78ko Erregimenak frankismoaren zutoinak -Espainiaren lurralde-batasuna, monarkia, kapitalismoa, frankisten inpunitatea- bere egin eta bere horretan mantendu zituen. Bezperako frankistak biharamuneko “betiko demokratak” bilakatu ziren. Eta, horrenbestez, frankismoak estatu-aparatu ezberdinetan gotortuta iraun zuen, Brouarden eta Muguruzaren erailketek, besteak beste, garbi erakutsi zuten bezala. Bada, 50 urte geroago argi eta garbi esan beharra dago: ez dago bloke erreakzionarioa estrukturalki gelditzerik, frankismoarekin behingoz apurtu eta Espainiako Estatuaren demokratizazio sakona egin gabe; eta ez dago Estatuaren demokratizazio sakona egiterik, Euskal Herriaren zein gainerako herrien nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea aitortu eta errespetatu gabe.

    • Guztiarekin, 50 urte geroago, erronka orduko bera da. Batetik, “lotuta eta ondo lotuta” utzi zuten hori askatzea; 78ko Erregimena gainditu eta Euskal Herriaren askatasuna eta burujabetza erdiestea. Bestetik, eta horretarako, baita parean ditugun erronka kolosalei aurre egiteko ere, duela 50 urte Txiki eta Otaegiren belaunaldia martxan jartzeko gauza izan zenaren moduko herri bulkada berri bat abiatzea.

  • Hirugarren eta azken helburua: espainiar faxismoaren biktimei omenaldi nazionala egitea, erresistentzia eta borroka antifaxistari gorazarre egitea eta berrespen antifaxista egitea.

    • Hala kanpainak nola manifestazioak espainiar faxismoaren euskal biktima guztiak omendu nahi dituzte: Francoren estatu-kolpe faxistaren eta ondorengo errepresio frankistaren 17.000 biktimak; Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kideak; Santi, Josu eta estatu-terrorismoaren gainerako biktimak...

    • Azkenik, kanpaina eta manifestazioa berrespen nazional eta antifaxistako ekintza-masiboa izango dira. Izan ere, haien indar-ideia nagusiak honako bi hauek izango dira:

      • Duela 50 urte Euskal Herria erresistentzia-foku antifaxista izan zen. Gaur egun ere, faxismoa eta autoritarismoa mundu osoan hedatzen ari diren honetan, Euskal Herriak erresistentzia-foku antifaxista izaten jarraituko du. Demokraziaren, askatasunaren, berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokaren lehen lerroan jarraitu eta tinko eutsiko dio utopiaren banderari: askapen nazional eta sozialarenari, libre eta berdinen Euskal Errepublika baten aldekoari, eta, oro har, mundu aske, eta bidezkoago baten aldekoari.

      • Ez dago askatasun haizearen nazioa geldituko duenik. Frankismoari aurre egiteko gauza izan ginen. Egungoa baino egoera makurragoei aurre egiteko gauza izan gara. Eta, zalantza izpirik gabe, Trump, Bolsonaro, Milei, Orban, Meloni, Le Pen, Abascal eta enparauek ordezkatzen duten bloke erreakzionarioari zein parez pare ditugun erronkei aurre egiteko gauza izango gara. Atzo, gaur eta beti: Euskal Herria antifaxista! Atzo, gaur eta beti: Euskal Herria askatasun haizea!