AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-04

EH Bilduk Gasteizen abiatu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina, Santa Barbara plazan egin duen ekitaldi politikoan. Ekitaldian hitza hartu dute Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak eta Rocio Vitero Gasteizko zinegotziak.

«Lehendakarigai izendatu nindutenean, gure herriaren zati honetan aldaketa politikoa eskatzen duten pertsona guztiak ordezkatzeko konpromisoa hartu nuen. Eta denoi interpelazioa egin nizuen, hau ezin izango genuelako lortu zuek gabe», adierazi du ekitaldiaren hasieran Otxandianok.

Lehendakarigaiak nabarmendu duenez, «errejenerazio politikoa ez da aukera bat, premia bat da». Aurrekanpainan abiatutako mezuari jarraituz, gobernu kolaboratzaileen eta ezkerreko politika publikoen aldeko apustua egin du, «Osakidetza berriro zutik jarri ahal izateko, etxebizitzaren arazoa konponbidean jartzeko edo elkarlaneko gobernantza ereduak ezarri ahal izateko, bazterketarik gabe. Bada garaia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa merezi duten lekuan jartzekoa; asmoz, anbizioz eta ilusioz gobernuak eraikitzekoa».
 


Arnaldo Otegik, bere aldetik, EH Bilduk azken urteotan egin duen ibilbidea goraipatu du, baita bizitzen ari den hazkundea ere. «Denok iritsi nahi genuen une honetara, eta orain denon artean bultza egin behar diogu», animatu du bertaratutako jendetza. Martxan den ziklo historikoa nabarmenduz bukatu du bere hitzartzea, «Apirilaren 21etik aurrera ezer ez baita berdina izango, aukera berriak irekitzen direlako, EH Bildun gero eta gehiago garelako eta hauteskunde hauetan are gehiago izango garelako. Herri bat dago martxan».

Rocio Viterok, bai Arabak eta bai Gasteizek hauteskunde kanpainan eta emaitzetan izango duten paper protagonista aldarrikatu du, «une historiko bat bizitzen ari gara, non ziklo aldaketa ematen ari den jada eta horregatik diogu: aldaketarako alternatiba bakarra EH Bildu da. Duela urtebeteko ilusio berdinarekin begiratzen diogu oraingo erronkari, eta berriro ere irabaziko dugu!».