AKTUALITATEA

Ekonomia | 2025-06-25

EH Bilduk mobilizatzeko deia egiten du ekainaren 28rako, Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunean, eskubide eta askatasunen aurkako atzerakada orokorraren testuinguru bereziki kezkagarrian. Mundua inboluzio betean murgilduta dago, eta Euskal Herria ez dago egoera horretatik salbu. Europa hurbilean gero eta agerikoagoa da eskubideak murrizteko joera, eta mehatxu argia bihurtu da gizarteko sektore zabalentzat.

LGTB+ pertsonen eta kolektiboaren kasuan, areagotu egin dira haien aurkako erasoak, gorroto diskurtsoek elikatuta eta politika publikoek babesik gabe utzita. Urraketa horiek gero eta ugariagoak dira eta normalizatzen saiatzen ari dira zenbait sektore. Hori dela eta, inoiz baino beharrezkoagoa da pertsona guztien eskubide guztiak defendatzen ditugunok pauso bat aurrera egitea eta ahotsa altxatzea. LGTB+ kolektiboaren eskubideak mugarik gabe eta askatasun osoz defendatu behar ditugu, kaleetan zein instituzioetan.

Ezkerreko subiranismoak konpromiso sendoa du norabide horretan, bai gobernatzen dituen instituzioetan, bai oposizioan dagoenetan, eskubide eta askatasunen bermea izan daitezen politika publiko zehatzak garatuz.

Aurten ere, dei egiten dugu ekainaren 28an kaleak hartzera. Aurten, gainera, gure mugetatik harago ere luzatuko dugu faxismoaren aurkako aldarria. Ildo horretan, Ikoitz Arrese, EH Bilduko legebiltzarkidea, Budapesten izango da larunbat honetan Viktor Orbánek debekatutako mobilizazio historikoan, Europako hainbat hautetsirekin batera. Arrese izango da han izango den euskal ordezkari instituzional bakarra, eta Euskal Herriaren sen antifaxista eta askatzailea ordezkatuko du Hungarian.

Amaitzeko, EH Bilduk dei egiten dio euskal gizarte osoari Euskal Herriko hiriburu, herri eta auzoetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera, ekainaren 28 honetan ere eskubideen aldeko aldarria ozen egiteko.