AKTUALITATEA

| 2024-10-25

EAJk eta PSEk Arabako Aldundian zein Gipuzkoakoan gutxiengoan gobernatzen dutela gogoratu eta zerga erreformaren inguruan gardentasunik eza erabatekoa dela salatu ostean, Pello Otxandianok fiskalitatea EH Bildurekin negoziatzeko dei egin dio Pradales lehendakariari gaur Legebiltzarrean, eta, gai horri dagokionez, gogorarazi du Gipuzkoan oinarrizko akordio batera heldu direla jada EH Bildu, EAJ eta PSE.

Ildo horri jarraituz, zerga erreformaren iparra Europako herrialde sozialki aurreratuenak baldin badira, EH Bildurekin negoziatu beharko duela esan dio Otxandianok Pradalesi, eta alternatiba Ayusoren PP dela gogorarazi ere. “Hemen jende asko ari da presioa egiten erreforma fiskalaren norabidea baldintzatu nahian. Madrileko fiskalitate eredua dute gustuko, eta hori bada zuen asmoa, adostu ezazue PPrekin. Guk, ordea, uste dugu fiskalitateak Europako herrialde sozialki aurreratuenak izan behar dituela ipar. Ados baldin bazaudete, EH Bildurekin negoziatu behar duzue. Erretorikatik politika publikoetara pasatzeko garaia iritsi da”.

Finean, hautatzeko eskatu dio EH Bilduko buruzagiak lehendakariari, eta koalizio subiranistak EAJri eta PSEri aurrekontuak modu globalean negoziatzeko helarazi dien eskaintzak duen balio politikoa azpimarratu du, “arlo estrategikoetan politika publikoak, gastuak zein diru-sarrerak, armonizatzea” ahalbidetuko lukeelako. “Guk elkarrizketarako eta negoziaziorako gonbidapena luzatu dizuegu. Herri honekiko erabateko konpromisotik. Nik ez dizut inoiz esango, Lehendakari, zure lagunei zergak jaitsi nahi diezunik, atzo Andueza jaunak esan zizun moduan. Nik esango dizudana da uste dudala zuhurragoak izan behar garela zergez kexu diren enpresekin, eta Josu Jon Imazek korporazio handi baten interesak ordezkatzen dituela, sektore industrial jakin batean operatzen duen enpresa batenak, nagusiki hidrokarburoen sektorean, izan ere, horrek gauza asko esplikatzen ditu fiskalitateari zein trantsizio energetikoari buruz dituen iritziei dagokienez”.