EH Bilduk asteburuan Iruñean egingo duen III. Kongresua izan du hizpide Nerea Kortajarena bozeramaileak ETB1eko 'Egun On' saioan eman duen elkarrizketan. «Kongresura momentu gozoan iristen gara. Herrietan izan gara proiektu politikoa aurkezten eta ekarpenak jasotzen. Eztabaidak kohesioa indartzeko aukera eskaintzen du», adierazi du.
Legebiltzarrean izango diren hurrengo eztabaidei dagokienez, EAEn industriak bizi duen egoerarekin kezkatuta agertu da Kortajarena. «Egoera konplikatua da eta gehiago konplikatu daitekeenaren zantzuak daude. Guardianen eta beste enpresa batzuetan arazoak gertatzen ari dira. Jaurlaritza ikusten dugu begira, zer gertatuko denaren zain. Industria politikako estrategia esternalizatu duela ere ikusi dugu. Kanpora ateratzea eta munduan zer dagoen ikustea ondo dago, baina indar guztia Europaren industrializazioan jartzea ez dakit gehiegi ez ote den. Aztertu behar da guk zer egin dezakegun hemen, eta Jaurlaritzari dagokio herri honetan dagoen inteligentzia koordinatzea. Lidergoa hartzea dagokio. Gainera, Jaurlaritzak badu ezohikoa den zerbait: ardurak konpartitzeko prest dagoen oposizioa dauka», nabarmendu du.
Horrez gain, Osasun Mahaiari dagokionez, Kortajarenaren esanetan, «esku artean duguna estrukturala den arazoa da eta atentzio asko deitzen dit martxoan ixteko nahiak». «Presak gehiago erantzuten dio titular onak ematearen beharrari, esku artean dugun arazoari erantzun on bat emateari baino. Gu hasieratik konprometituta gaude honekin eta prozesua zaintzearekin konprometituta gaude. Titular beharrak ez dezala bidea markatu», ohartarazi du.
Adostasunak lortzeko ahalegin bat egitera deitu du bozeramaileak gutxieneko soldatari dagokionean ere. «Akordio politikoak egoteak izugarrizko bulkada emango lioke gutxieneko soldata propioa izateko aukerari», esan du.