Nerea Kortajarena EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramailea Naiz Irratian elkarrizketatu dute gaur eta Jaurlaritza berriak adierazitako asmoekin kezkatua agertu da Kortajarena. «Emendakina ikusten dugu Jaurlaritzaren formetan. Osakidetzan edo etxebizitzan arazoa dagoela onartzen da orain, baina hori guztia politika zehatzetara eraman behar da. Gure kezka da azalean geratzea konponbideetan, arazoaren muinera joan gabe».
Etxebizitzaren arazo larria hizpide izan du bozeramaileak elkarrizketan eta adierazi du Etxebizitza Legeari dagokion tentsio guneak izendatzeko prozedura azkartze eskatuko dutela. «Prezio indizeak ezartzea Jaurlaritzari dagokio eta Diputazioen laguntza ere behar dute. Errenteriak gune tentsionatu izendatu zuen bere burua, baina Jaurlaritzak prezio indizea ezartzen ez duenez, atzeratu egiten da prozedura. Beharrezkoa da bakoitzak bere lanak egitea eta ahalik eta azkarren egitea».
Horretaz gain, gutxieneko soldataren inguruan ere aritu dira. «Asko hitz egin dugu honen inguruan. Posible eta beharrezkoa da gure errealitate sozioekonomikora egokitutako gutxieneko soldata. Jaurlaritzak jarrera proaktiboa izsn behar du, helburu politiko hori gauzatu dadin. Bestetik, bere menpeko diren kontrazioetan ezarri dezake gure errealitatera egokitutako gutxieneko soldata, modu horretara gizarteari mezua bidaliz», azaldu du Kortajarenak.
Bukatzeko, asteburuan Pradales eta Txibite lehendakariek elkarrekin argitaratutako gutunaz galdetuta, honako gogoeta egin du EH Bilduren bozeramaileak: «Nafarroako eta EAEko finantziazio ereduan irmo mantentzea komeni da, eztabaidatik kanpo dagoelako. Gure burujabetzaren inguruko eztabaida egin behar dugu, horrelako gaiak etengabe atera ez daitezen».