AKTUALITATEA

| 2025-10-02

Legebiltzarrak tramitera onartu du, EAJren abstentzioari esker, Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko EH Bilduk aurkeztutako lege proposamena, hizkuntza-eskakizunen sistemari segurtasun juridikoa ematea xede duena, Josu Aztiriak azaldu duenez. “Premiazkoa da lege-erreformak egitea sistema hori blindatzeko, hizkuntza politika burujabea aurrera eraman ahal izateko, euskal herritarron eskubideak erdigunean jarrita, Administrazioaren euskalduntzean jauzi bat ematen laguntzeko”.

Euskara hizkuntza ofiziala bada ere, “Administrazioan, ‘de facto’, ez da ofiziala, eta hori anomalia instituzional eta legal handia da”, gogorarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta gainera, erantsi du, azken urteotan “ofentsiba politiko, judizial eta mediatiko” bat pairatzen ari da. Hori dela eta, lege-erreformak premiazkoak dira hizkuntza-eskakizunen sistemari segurtasun juridikoa emateko, “hizkuntza politika egitea guri dagokigulako, legebiltzar-taldeoi, eta ez epaitegiei”.

Azken bi urteotan –gogorarazi du Aztiriak– 100 sententzia zenbatu ditugu euskararen aurka, gehienak hizkuntza-eskakizunen sistemari lotuak”. Bistakoa da, beraz, “erregresioa eta jurisprudentzia aldaketa nabarmena egon dela, EAEko araudi juridikoei muzin egin diona. Une honetan epaile batek uste badu lan-eskaintza batean euskarazko hizkuntza-eskakizunak gehiegizkoak direla, akabo. Berdin dio egin den hizkuntza-plangintza araudi juridikoarekin bat datorren ala ez; emaitza gustatzen ez bazaio, aski da errekurtso bat dena hankaz gora jartzeko”.

Testuinguru horretan aurkeztu du EH Bilduk hizkuntza-eskakizunen sistema blindatzeko lege proposamena, Euskal Enplegu Publikoaren Legearen hainbat artikulu aldatzea planteatzen duena. Aztiriak proposamenaren segurtasun juridikoa azpimarratu du, “Katalunia eta Galiziako ordenamendu juridikoetan dagoeneko jasota dagoena hartzen baitu oinarritzat, 40 urteko abala duena eta Konstituzio Auzitegiaren eta Europako Batasunaren sententzia ugariren babesa duena. Ez dugu ezer asmatu; Katalunia eta Galizian badago; alde batzuekin Valentzia eta Balearretan ere; eta ez du inongo oztoporik izan orain arte. Beraz, bideragarria eta egingarria da”.

Zehazki, EH Bilduren lege ekimenak oinarrizko printzipio bat ezartzen du: “Lanpostu publikoen sarbiderako bi hizkuntza ofizialak jakin beharra, Administrazio bat eta bi hizkuntza berdintasunean, hori guztia malgutasunez, enpatiaz eta testuinguru soziolinguistikora eta organizatiboetara egokitutako elementuekin”.

Proposamenaren nondik norakoak azaldu ditu Aztiriak: “Beti esan ohi dugu printzipioetan sendoak izan behar dugula, baina kudeaketan malguak. Ezagutzen ditugu gure herriak; badakigu testuinguru soziolinguistiko, instituzional eta pertsonal desberdinak ditugula, eta egokitzapenak egiteko dispositiboak daude gure lege proposamenean. Horregatik ezarri dugu geroratze indizearen formula, herri edo administrazio batean dagoen egoeraren arabera egokitzeko. Hau da, Trapagaranen, esaterako, hamar lanpostu ateratzen badira eta Trapagaranen euskaraz ez dakien edo ulertzen ez duen kopurua %40 bada, administrazioari aukera emango litzaioke hamar lanpostuetatik lau hizkuntza-eskakizunik gabe ateratzeko eta meritu bezala zehazteko. Eta lau pertsona horiek, ezinbestean bete behar duten hizkuntza-eskakizuna lortzeko, administrazioari liberazioak eta trebakuntza-plan pertsonalizatuak eskaintzeko betebeharra ezartzen dugu legean”.