Euskararen ofizialtasun osoa, hizkuntz politiketan jauzia ematea eta euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko aldarrikapenak Iruñeko kaleak hartuko ditugu larunbatean, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako mobilizazioarekin. Euskaltzaleon Martxa deiturikoan izango da EH Bildu, eta bertan parte hartzeko deia egiten die euskal herritarrei.
Nerea Kortajarena EH Bilduren Programa idazkariak adierazi duenez, ezker subiranistarentzat euskara “lehen mailako auzi politikoa da” eta euskararen normalizazio “eskala handiko erreakzio bat” eraiki beharra dago.
Gure hizkuntza nazionalaren aurkako “oldarraldi” antolatua dagoela uste du EH Bilduk. Hala, euskarak “atzeraldi zantzuak” agertzen dituelako, “kezka eta larritasuna” azaldu ditu Kortajarenak. “Baina posible da eta posible egingo dugu indarberritze aro berri bat irekitzea”. Hori posible egiteko, hizkuntz politika berri bat gauzatzearen alde egiten du ezker subiranistak, euskarari estatus juridiko berria emango diona. Era berean, euskaltzaletasuna, euskararekiko militantzia aktiboa indartzearen eta barreiatzeren alde egiten du, Euskal Herri osoko eragile eta norbanako euskaltzale guztion indarra behar delako hauspo berri bat sortzeko eta Euskal Herri osoa euskararen aldeko esperantza aktiboa barreiatzeko.
EH Bilduren ustean, ezinbestekoa da hizkuntza politika berria, euskara ikasteko eskubidea unibertsalizatzeko eta euskarara nagusi izango den espazioak sortzeko. Ezinbestekoa da, halaber, euskarak estatus juridiko berria izatea, euskararen normalizazioa blindatuko duen arkitektura juridiko berri bat eraikitzeko: Ipar Euskal Herrian koofizialtasuna lortzeko, Nafarroan euskararen zonifikazioa gainditzeko eta ofizialtasuna lurralde osora hedatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoan oldarraldiaren ondorioz eragiten ari den desofizializazioari aurre egiteko.