AKTUALITATEA

Naziogintza | 2026-06-06

EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik azpimarratu du ezker soberanistak siglen aurretik jartzen duela beti “Euskal Herriaren mandatu antifaxista”. Zentzu horretan, bere alderdiak bere jarduera politiko guztia blaitzen duten balio batzuk dituela nabarmendu du, hau da, herriaren interesak lehenestea, esaten denaren eta egiten denaren arteko koherentzia eta zarata gutxi ateratzea. 

Honek guztiak, Otegiren esanetan, “patxada eta lasaitasuna” ematen dizkio EH Bilduri, baita egoerarik zailenak ere. Hartara, beste batzuek “norabide falta eta urduritasuna” proiektatzen dieten bitartean, EH Bilduk “lasaitasuna, konfiantza eta segurtasuna” transmititzen dituela azpimarratu du.

Espainiako Estatuko egoera politikoari dagokionez, hauteskundeak aurreratzearen arriskuez ohartarazi du, PP-Vox alderdi ultraeskuindarrek boterea lortzeko duten aukerarengatik. “PP-Vox bloke bat dira”, ohartarazi du. Aldi berean, Espainiako Estatuan irekita dagoen aukera-leihoaren aurkako “operazio politikoa” egiten ari direla salatu du.

EH Bilduko idazkari nagusiak adierazpen hauek egin ditu, gaur eguerdian, Bilbon, ezker soberanista Bizkaiko hiriburuan ospatzen ari den Bat Egin Egunean. Hala, gogora ekarri du duela urte batzuk toki horretan bertan esan zuela tenperatura politikoa igotzen ari dela Bilbon eta Bizkaian, EH Bilduren etengabeko igoeragatik. Ildo horretan, “inflexio puntu estrategikoa” Bilbo eta Bizkaia izango direla ziurtatu du. “Dagoeneko gertatzen ari da eta datozen hauteskunde zikloetan ere gertatzen jarraituko du”.

 

Maria del Rio: “EH Bildu ez dago FIFAk Bilbo gobernatzearen alde”

Bilboko La Casilla plazan egin den ekitaldi politikoan, Maria del Rio Bilboko Udaleko bozeramaileak Udal Gobernuaren gobernantza eredua eta Mundialari buruzko polemika izan ditu hizpide. “Hiri erabakiak ezin dira Batzoki batean hartu”, esan du. Hala, erabaki politikoak hartzerakoan gardentasuna eta parte-hartze publikoa eskatu ditu.


Del Riok nabarmendu duenez, “EH Bildu ez dago FIFAk Bilbo gobernatzearen alde”. Hala, Bilbo mapan jartzeko denak ez duela balio azpimarratu du. “Bilbok ez dio bere nortasunari uko egin behar, nora garamatzan oso argi ez daukagun lasterketa batengatik”, amaitu du.