AKTUALITATEA

Naziogintza | 2026-06-07

EH Bilduren Donostiako bozeramaile Juan Karlos Izagirre "harrituta" agertu da azken asteotako udal-gobernuko kideen adierazpenekin. "Inprobisazioa, iritzi aldaketak... Noraezean dabilen gobernua dela erakusten dute horiek. Hiri-eredua zein den argi ez duen gobernua da. Eta gainera desadostasunak dituena gobernukideen artean", salatu du Donostiako Bat Egin egunean eginiko adierazpenetan.

Munduko futbol txapelketa jarri du adibide gisa: "Jon Insausti berak, Eneko Goiarekin batera, saldu zizkigun Donostian egitearen onurak. Orduan mahai gainean zalantzak jarri genituenak gutxietsiak izan ginen. Lehengo eta beste batzuek ere izan dituzte zalantza berak, eta esaterako, Chicagok edo Montrealek uko egin zioten Munduko Futbol txapelketako egoitza izateari, argudiatuz ez zeudela prest txeke zuria emateko FIFAri negozioa egin zezan bertako herritarren kontura. Donostia prest zegoen diru hori ordaindu eta FIFAK jartzen dituen baldintzak betetzera?".

Zerga turistikoari dagokionez, Izagirrek gogoratu du EH Bilduk urteak daramatzala zerga hori ezartzeko eskatuz. "Jon Insausti alkateak presaka eta modu irregularrean ezarri nahi izan du uda honetarako, jakinda ezinezkoa zela. Hor ere inprobisazioa". Herritarrentzat lehentasuna den etxebizitzaren gaian ere desadostasunak daude udal gobernua osatzen duten bi alderdien artean. "EAJk jarraitzen du esku pribatuetan uzten edozein garapen urbanistiko eta eraikitako eremuetan interbenitzearen aurka. Etxebizitza negozio ikuspegitik planifikatuz. EH Bilduk betidanik defendatu du etxebizitza publiko eta babestuen parkea handitu beharra. Berriak eraikiz eta eraikitakoetan interbenituz. Publikotasunetik lideratuz".

Finean, Donostiako udal gobernua betikoarekin jarraitzeko asmoarekin ikusten du Izagirrek, eta Jon Insaustiren irudia indartzeko antolatutako marketin kanpainarekin lotu ditu gobernuko alderdien noraeza eta iritzi aldaketak. Izagirrek gogoratu du Jon Insausti 10 urtez udal gobernuan egon dela, ardura garrantzitsuekin: turismoaren sustapenaren eta bide batez desgobernuaren arduradun zuzena izan da. Beraz, Izagirreren aburuz, ez da sinesgarria aurretik egindakoarekin zerikusia izango ez bali bezala jokatu nahi izatea.  

"Oraingo diskurtso amableak, gertutasun erakusketak, tonu enpatikoak, bat egin nahi dute donostiarron benetako kezkekin, baina diskurtsoak besterik ez dira, ekintzek betiko bidetik jarraitzen baitute izaten. Hiria sektore eta interes zehatz batzuei saldu diotenek ezin dute orain hiriaren salbatzaile gisa aurkeztu bere burua. Donostia egoera honetara ekarri dutenek ezin dute arazoen konponbidea izan".