AKTUALITATEA

| 2023-05-14
EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur eguerdian, Arrasateko Biterin, Arnaldo Otegiren, Maddalen Iriarteren eta Maider Morrasen parte-hartzearekin.
 
 
Arnaldo Otegi: “Gauzak aldatu nahi ditugu, herri duina izateko”
 
EH Bildu alkatetzatik kentzeko helburu bakarrarekin, Durangon bere hautagaitza erretiratzen duela esan du Voxek. Helburu bakarra EH Bildu kanporatzea bada, nori emango diote alkatetza Durangon PPk eta Voxek? Argi dago, ezta?. Hauteskunde hauetan argi geratzen ari da EH Bildu dela denontzat garaitu beharreko etsaia. Kontsigna argia da: denok EH Bilduren aurka.
 
Atzo bazen mitin batean bere buruari galdetzen ziona EH Bilduk zer aldatu nahi duen. Garrantzitsuena, gauzak aldatu nahi ditugu, herri duin bat izan ahal izateko. Etxebizitza eskuratzeko eredua aldatu nahi dugu eta alokairuei mugak jartzea, pribatizazioa aldatzea, osasun publikoaren prekarizazioa eta murrizketak aldatzea, funts putreen zerbitzura dauden zainketen eredua aldatzea, politika industriala aldatzea eta enpresek herriarekin duten errotzea ez galtzea nahi dugu. Eta alderdi baten txartela edukitzeak lanpostu bat lortzea ez erraztea aldatu nahi dugu. Hori da aldatu nahi duguna.
 
Kutxabankeko presidente berriak bankuen gaineko zergari buruz hitz egin zuen. “Impuestazoa” esaten dion. Jendea hipotekin jasaten ari dena bai dela “impuestazoa”. Zer da merkatua banka arautzen duen kontu hori? Zer ideologia ordezkatzen du horrek?
 
 
Maddalen Iriarte: “Inertziarekin jarraitzeko politiken aurrean, herri bisioa eta etorkizuneko ikuspegia lehenetsiko dituen politika behar dugu”
 
Gipuzkoan badira herri garrantzitsuak, eskualde buruak esaten zen lehen, eskualde oso bat artikulatzeko gaitasuna dutenak. Arrasate da horietako bat.
 
Gipuzkoak Arrasate behar du. Gipuzkoak Arrasate indartsu bat behar du. Eta EH Bilduk ere Arrasateren indarra behar du.
 
Inertziarekin jarraitzeko politiken aurrean, herri bisioa eta etorkizuneko ikuspegia lehenetsiko dituen politika behar dugu. Patrikako politikaren aurrean, bihotzetik politika egiten duena.
 
 
Maider Morras: “2019an Bergara izan zen; orain, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza berreskuratuko ditugu”
 
Nire hitza daukazue, bihotzez, Arrasate izan zen horretara bueltatu, gure identitatea berreskuratu eta denontzat atsegina eta erosoa den herria eraikitzeko konpromisoa badugula nik eta nire lan taldeak, eta horretarako denok beharrezkoak garenez, gertu-gertu izango zaituztegula. 
 
Amaitzeko, ideia bat besterik. Gehiago gara. Eta datorren maiatzaren 28an gehiago izango gara. 2019an Bergara izan zen, eta orain guri dagokigu. Gure txanda da Aretxabaleta eta Eskoriatza. Gure unea da Arrasate. Orain da momentua. Maite dugun Arrasategatik. Maite dugun Debagoienagatik. Eta nola ez, Maite dugun Gipuzkoa eta Euskal Herriagatik. Egingo dugu!