AKTUALITATEA

| 2021-09-13

Gaur, EH Bairen eta EH Bilduren ordezkaritza bana Parisera hurbildu da Josu Urrutikoetxearen aurka hasi den epaiketa jarraitzera. "Hau ez da beste epaiketa bat, euskal gizartearen bake- eta bizikidetza nahiak epaitu nahi baitituzte. Eta epaiketak irauten duen bitartean, argi eta garbi egiaztatu ahal izango da. Josu Urrutikoetxea epaitu egingo dute gure herrialdean bakearen eta bizikidetzaren alde egin zuen lanagatik, ETA erakundearen jarduera behin betirako amaitzeko egin zuen lanagatik. Horrela adieraziko dute, lehenago egin duten bezala, nazioartean ospe handia duten pertsona esanguratsuek", azaldu du Maddalen Iriartek epaitegietan bertan egindako adierazpenetan.

Gogoratu duenez, gaur 10 urte betetzen dira Aieteko Bakearen Aldeko Nazioarteko Konferentzia antolatu zenetik. "Bertan eszenario itxaropentsu bat ireki zen Euskal Herriarentzat, eta guretzako une hartan irekitako bide orria indarrean dago oraindik. Horregatik gaude gaur hemen, gure herrian elkarbizitza demokratikoa erdiesteko urratsak eman behar direla defendatzeko eta horrelako epaiketek ez dutela alde horretatik inolako ekarpenik egiten salatzeko", nabarmendu du.