EH Bilduk kezkaz hartu du lan eskaintza publikoen inguruan gaur hedabide batek argitaratutako informazioa. Bertan azaltzen denaren arabera, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiek atzera egin dute beren azken lan eskaintza publikoetako hizkuntz eskakizunetan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026ko uztailaren 20an 281 lanpostutako Lan Eskaintza Publikoa argitaratu du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Deialdi horretan dauden 281 lanpostutatik %66ra jaitsi du hizkuntza-eskakizuna; hau da, hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten % 89tik % 66ra murriztu du, hau da, % 23. Lanpostu Zerrendan atzeratu ditu datak, baina lanpostu horiek dagoeneko egiaztatuta zeuden, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak atzera egin du. Kasu honetan administrari lanpostuetan izan du eragin handiena.
2025eko abenduaren 31ko lan-deialdian egin zuen irizpide berbera jarraitu du, orduko hartan ere %67ra artekoa izan zen jaitsiera eta Lanpostu Zerrendan atzeratu zituen datak. Kasu hartan, suhiltzaile plazetan izan zen murrizketa handiena.
Bizkaiko Foru Aldundiak ere antzeko irizpideen arabera jokatu du, %54ra jaitsi baitzuen euskara eskakizuna azken lan deialdi publikoan, gaur egun egiaztatuta duten lanpostuak %85 diren arren. Bizkaiko kasuan murrizketa oso altua izan zen, %29koa.
Aztertu diren hiru lan eskaintza handietan, bataz-beste, %25eko murrizketa egon da 526 plazetan.
Josu Aztiria EH Bilduren legebiltzarkideak azaldu duenez, erabaki horiek Enplegu Publikoaren Legea aldatu aurretik landu ziren, beraz, lege aldaketa garatu behar duen dekretua oraindik lantzeko dagoela. Hala ere, “joera kezkagarria” dela azpimarratu du. “Alde batetik, orain arte egindako bidean eta lortutakoan atzera egitea delako, izan ere, hizkuntza eskakizuna erdietsita zuten lanpostuak atzeratu egiten dira; bestetik, urteetan egindako esfortzu handiari ez zaiolako jarraipenik ematen; eta, azkenik, ‘de facto’ administrazioan euskararen normalizazioan eta hizkuntza eskubideen bermean atzera egiten delako”.
Erabaki honek gainera 179/2019 Dekretuko 5.7 artikulua urratzen du (atzera ez egitea dio bertan) eta egun indarrean dagoen VII. Plangintzaditik 12 urtera egiten da atzera.
Gainera, eta hau garrantzitsua da, hartu diren erabakiek aurrekari arriskutsua sor dezakete, izan ere, hainbat administraziok bide beretik jotzeko erabakia har dezakete eta atzera egiteko bidea ireki dekretua garatu bitartean. Dekretua onartzerako hilabeteak igaroko direla ikusirik, bitarte horretan, lan eskaintza publikoak murrizketekin atera daitezke, eta horrek kalte handia eragingo dio orain arteko bideari eta saihestu nahi den atzera egiteko balizko joerari.
Beste hainbat udal eta erakundeetan garatzen ari diren bestelako estrategia juridikoak gauzatu behar direla uste du EH Bilduk –orain arteko irizpideetan mantenduz edo dekretua garatu arte atzeratuz–, eta irizpide argiak lehenbailehen ezarri behar direla, bitarte honetan ere atzera ez egiteko.
“Honenbestez, ari dago, administrazioari aurrera egiten jarraitzeko aukera emango duten irizpide argiak eta baliabideak eskaini behar zaizkiola, eta horretarako garatuko den dekretu berriaren norabidea funtsezkoa izango da”, adierazi du Aztiriak.
Ezker subiranistaren legebiltzarkideak azaldu duenez, dekretu berriaren ezaugarriek azken lan-eskaintza publikoetan bezala atzera egiteko bidea ireki dezakete; edo dekretua baliatu daiteke, EH Bilduk eskatu bezala, administrazioaren euskalduntzea bizkortzeko, lan hizkuntzan “jauzi bat” egiteko eta administrazioa euskararen normalizaziorako “eragile aktibo” izateko. “Dekretuaren garapena funtsezkoa izango da, beraz, erakundeek azken hilabeteetan hartu dituzten erabakiak ez errepikatzeko eta normalizazioan aurrera egiteko balioko duten baldintza egokiak sortzeko”.
EH Bilduren apustua argia dela esan du Aztiriak. “Erregresio ezaren printzipioa ezarri behar da atzerapausorik ez emateko, euskara ofiziala denez, erabilera normaleko hizkuntza izan behar du administrazioan, eta horretarako administrazio erabat elebiduna izateko bidea egin behar da: begirada prospektibo eta dinamikoa txertatu irizpideetan eta administrazioak euskararen normalizazioan eragile traktore eta aktibo bihurtu, azken xede bezala, administrazioa euskararen arnasgune soziofuntzional bihur dadin”.