AKTUALITATEA

| 2022-06-27

Azken urteotan Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakien ondorioz, Osakidetza kinka larrian dagoela salatu du EH Bilduk. Diotenez, hainbat dira azken urteetan sistema publikoa, pribatuaren mesedetan ahultzeko hartutako neurriak, hala nola, Etenik Gabeko Arreta Guneak, PAC delakoak, ixtea edo ordutegiak murriztea edota osasun sustapena bertan behera geratzea edo behar bezala ez garatzea.

 

Egoera ordea ez da berria, eta ez, ez da pandemiaren errua; osasun publikoaren desegitea ez baitzen pandemiarekin hasi. Murrizketak eta planifikazio eza, eta osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia aspaldiko kontuak dira. Bereziki 2018tik gaurdaino, osasun sistema publikoan eman diren atzerapausoak gero eta nabarmenagoak izan dira. Eta guzti honen ondorioak herritarrek jasaten dituzte, are gehiago herri txikietan.

 

Gaur egun, osasun etxeetan izugarrizko profesional gabezia dago. Eta ondorioz, profesional batek, gainerakoen agendak bete behar izaten ditu edo egunerokotasunean 45 kontsulta izaten ditu. Egoera horretan ezinezkoa da pazienteei kalitatezko arreta bermatzea. Hainbat eta hainbat osasun etxeetan bizitza osoan izandako zerbitzuak ixten edo murrizten ari dira. Kontsulta presentzialak lortzea gero eta zailagoa izaten da. Atzerapenak nabarmen areagotu dira eta, hori gutxi balitz, adinekoen eta kronikoen jarraipenerako gero eta zailtasun handiagoak daude.

 

Egoera honen larritasuna are ageriago geratu da, pandemian denok ikusi baitugu zein garrantzitsua den kalitatezko lehen mailako arreta izatea, baina, sistema hori indartu beharrean, Jaurlaritza kontrakoa egiten ari da.

 

Herri txikietan medikura joateko beste herri edo hiri batera joan beharko dute. Hori ez da aldaketa kultural bat, oinarrizko eskubide baten aurkako eraso bat baizik, pertsona guztiok kalitatezko arreta sanitario publikoa jasotzeko eskubidea dugulako, eta hori da orain arriskuan dagoena.

 

Hori guztia kontuan izanda, EH Bilduko hainbat udalbatzek aurkeztu duen mozioaren bidez, hiru eskakizun argi egin nahi dizkio Eusko Jaurlaritzari osasun sistema publikoa bizirik mantendu dezan:

 

Lehenik eta behin, urte osoan zehar, uda sasoian barne, herri honetako osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak bermatu ditzala.

 

Horrekin batera, lehentasunez mediku egoiliarren kontratazio-eredua aldatu dezala, kontratu egonkorrak eta lehen arretan euren garapen profesionalerako ibilbidea ahalbidetuko dutenak bermatuz. Halaber, gainerako osasun profesionalen kontratazio baldintzak hobetzeko xedearekin, aztertzea Osakidetzan kontratazio irizpideak aldatzea, beti ere egonkortasuna eta garapen profesionala sustatuz, horrela Osakidetza erakargarriago bilakatzeko eta indartzeko.

 

Azkenik Lehen Arretarako eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerako osasun profesional kopurua handitu dezala. Diziplina anitzeko lantaldeak sortuz, non beste profil profesional batzuk txertatuko diren, hala nola geriatrak eta fisioterapeutak.