AKTUALITATEA

| 2022-11-14

Unai Urruzunoren adierazpenak:

Joan den larunbatean milaka pertsona atera ziren Bilboko kaleetara gerraren amaiera, aberastasunaren banaketa eta gure herriarentzako subiranotasun handiagoa eskatzeko. Larunbatean, EH Bilduk berriro bete zuen Autonomia kalea, eta agerian utzi zuen, beste behin ere, mobilizatzeko dugun gaitasuna.

Norabide honetan, larunbatekoa inflexio puntu bat izatea nahi dugu, helburu baino zerbaiten abiapuntu; izan ere,  ez gara hutsetik abiatzen. EH Bilduk krisiari erantzun bat eman eta egiturazko neurriak planteatu ditu Ongizate Hitzarmenaren bitartez. Herritar guztion egunerokoan eta bizi baldintzetan eragin eta hauek duintzeko proposamenaz ari gara. Hala ere, ezker independentistaren mezua isilarazi eta alternatibarik ez dagoela irudikatu nahi duenik.

Horregatik, ezinbestekoa da desiformazioaren garai likidootan, ahalegin berezia egitea letra larrizko politika eta alternatiba posiblea gizarteratzearen alde. Eta honetarako badugu altxorra den tresna: gure komunitate aktiboa; izan ere, konbentzituta gaude aurrez aurreko komunikazioaren bitartez eta jendearekin zuzenean hitz eginez gero, erresignazioa esperantza bihurtzeko gai izango garela.

Beraz argi adierazi nahi dugu, larunbatean ekin genuen bidea hasi baino ez dela egin. Bilbon altxatu genuen olatuari, jarraipena ematea dagokigu orain. Aldaketarako indarra Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzea eta etsipenera kondenatu nahi gaituzten horien gainetik, gure alternatiba lau haizetara zabaltzea.

Horregatik, Azaroaren 19an Euskal Herriko txoko guztietan kalera aterako gara Ongizate Hitzarmena modu masiboan gizarteratzeko eta jendearekin zuzeneko hartu emana sustatzeko. Gure mezuak argiak dira: aberastasuna banatu behar da, energia merkatuan esku-hartu behar da, etxebizitza merkatuan ere esku-hartu behar da alokairuari muga ezartzeko, osasun sistema publikoa indartu behar da… Erronka bat ezarri diogu gure buruari: 250.000 pertsonari esku-orri baten laguntzaz gure mezua helaraztea, eta horretarako EH Bilduren komunitateko kide bakoitzari aktibismora jauzi egiteko eskatu nahi diogu. Herri, auzo eta hiri bakoitzeko baldintza eta errealitateari egokitutako ekimenak planteatuko ditugu, eta hauek dinamizatu, dimentsionatu eta sareratzeko baliabideak eskaini.

Eraman dezagun aske eta berdinen Euskal Errepublika ekarriko digun proposamena herri honetako bazter guztietara. Iluntasunera kondenatu nahi gaituzte baina argi bat piztuko dugu: aldaketaren argia, gauzak beste era batera egin daitezke eta egingo ditugu: Etorkizuna badago eta irabaziko dugu!