Pernando Barrena EH Bilduren Europako hauteskundeetarako hautagaiak eta Oihana Etxebarrieta Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren bozeramaileak agerraldia egin dute gaur goizean Iruñean, martxoaren 31n Nafarroako hiriburuan ospatuko den Aberri Egunean parte hartzera animatzeko. Barrenak nabarmendu duenez, "ezkerreko independentistok argi daukagu gurea herria dela, nazio bat garela eta gure etorkizuna erabaki nahi dugula. Anbizioa eta determinazio kolektiboa ditugu hori horrela dela frogatzeko, eta ziur gaude lehenago edo geroago Estatu izango garela”. Bestalde, Barrenak eta Etxebarrietak Iruñeko Aberri Eguneko ekitaldien egitaraua aurkeztu dute. Nabarmentzekoa da 12:00etan Golemetatik abiatuko den manifestazioa. "Aberri Eguna energia guztia biltzeko eta askatzeko unea izango da, pertsona berdinen eta askeen euskal errepublika eraikitzeko", adierazi du Etxebarrietak.
Pernando Barrena:
Jakin dakizuen bezala, aurten ere Euskal Herria Bilduk hemen hiri buruzagian, Iruñean ospatu eta aldarrikatuko du Aberri Eguna.
Data eta leloa aurkeztu genuenean esan genuen: Euskal Herria nazio bat da. Nazioa gara. Eta ukapen eta ezabapen eskaera guztien gainetik, herri gisa ditugun eskubide nazionalak aldarrikatuko ditugu, martxoaren 31an.
Aurreko astean ezagutu genuen herriko frontoian dagoen Euskal Herriko armarria kentzera behartu duela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Atarrabiako Udala. Ez da gauza berria. Historikoki egoera zailak gainditu ditu Euskal Herriak. Baina, herri gisa, gure herria, kultura eta hizkuntza bizirik mantentzeko gai izan gara. Eta etorkizunean ere gai izango gara.
Horregatik, aurrean ditugun mehatxu eta oztopoen aurrean, burujabetzaren eta demokraziaren bidean aurrera egiteko beharra dugu, beharrezkoa dugu nazio kontzientzia bizirik mantentzea.
Azken hilabeteetan gure hizkuntzaren eta gure kulturaren eraso gehiago ezagutu ditugu. Sektore ezberdinetatik iritsi dira, gainera. Espainiako epaitegietatik euskararen eta bere erabileraren aurkako erasoak heldu dira eta bai Espainiako eta bai Frantziako Estatuek gure izaera bera ukatzen duten hainbat ekinbide egin dituzte. Horregatik da beharrezkoa gaur bertatik hasita Euskal Herria eta gure herriaren etorkizuna eraikitzeko lanean jartzea. Gu guztion ardura da, eta horretarako lanean jarri behar gara.
Euskal Herria da gure proiektu politikoaren ardatza, eta hori ezingo dute ezabatu. Espainiako Estatuko epaitegiek esan dezakete Euskal Herria ez dela zazpi herrialdez osatutako herria. Espainiako eta Frantziako Estatuek ukatu ahal digute gure izaera nazionala eta gurea herri bat dela. Baina ezkerreko independentistok argi daukagu gurea herria dela, nazioa garela eta gure etorkizuna erabaki nahi dugula. Anbizio eta determinazio kolektiboa daukagu hori horrela dela erakusteko eta sinetsita gaude lehenago edo beranduago Estatua izango garela. Horretarako, gaurtik hasi behar gara lanean, eta martxoaren 31ko Aberri Egunean aukera paregabea dugu horretarako.
Oihana Etxebarrieta:
Ez gara edonola iritsiko 2024ko Aberri Egunera. Komunitate politiko sendoa osatzen dugu, eta Iruñea ilusio eta grin horrekin beteko dugu, martxoaren 31an. Berdinen eta pertsona askeen euskal errepublika eraikitzeko energia guztia biltzeko eta askatzeko momentua izango da Aberri Eguna.
Gogoan izango dituzue azken bi urteetako Aberri egun arrakastatsuak. Borrokarako egunak izan ziren, baina baita elkarrekin garena ospatzeko egunak ere. Aurten ere, horretarako balioko digu Aberri Egunak, elkarrekin nazioa garela aldarrikatzeko eta horretaz disfrutatzeko.
Egitarau oparoa prestatu dugu, beste behin:
Hau da, giro bikaina izango da Iruñean, zalantzarik gabe.
Hitzordu garrantzitsua dugu, beraz, abertzale, independentista, subiranista sentitzen garenok, martxoaren 31an. Euskal Herria Iruñera begira jarriko dugu, nazioa garela erakusteko.