AKTUALITATEA

Justizia Soziala | 2026-09-15

Vienako etxebizitza eredu arrakastatsuan oinarrituta ondu zuen EH Bilduk iragan maiatzean 'Posible 30K' proposamena, etxebizitza larrialdiari modu estrukturalean aurre egiteko eta etxebizitza parke publikoa handitzeko asmoz. Hain justu, proposamena partekatzeko eta Vienako ereduaren gako, indargune eta proiektu aitzindarien berri izateko Vienara bidaiatu du EH Bilduren ordezkaritza batek.

Etxebizitza krisia konpontzeko irakaspenak jaso eta partekatu dituzte Pello Otxandianok eta Laura Aznalek, EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko bozeramaileek, Martin Orner-en gidaritzapean. Austriako Etxebizitza Ministerioko Wohnstrategie saileko burua da Orner, eta esperientzia handia dauka Vienako etxebizitza politikan: egun etxebizitza politiken koordinazio estrategikoan lan egiten badu ere, etxebizitza kooperatiba baten zuzendaria ere izan da iraganean.

"Vienako ereduak bi gako inportante ditu: alde batetik, sektore publikoaren esku hartze zuzena parke publikoaren sustapenean, garapenean eta mantenuan; bestetik, irabazi asmo mugatuak dituen hirugarren sektorea. Gure herrian ere badauzkagu baldintza instituzional eta finantzieroak esperientzia gurera ekartzeko", azaldu du Otxandianok.

Ildo berean, Aznalek borondate politikoan jarri du azpimarra: "Austria aitzindaria eta eredugarria da etxebizitza politika publiketan, eta horregatik etorri gara. Frogatu dugu borondatea dagoenean posible dela beste etxebizitza politika publiko ausartak garatzea, prezioak murriztea, merkatua kontrolatzea, etxebizitza soziala bultzatzea eta espekulazioaren aurka aritzea".
 

Seestadt barrutiaren garapena

Vienako hiri garapeneko eremu interesgarrietako bat bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute Otxandianok eta Aznalek, Kurt Hofstetter adituaren eskutik: 2009an eraiki zuten Seestadt auzoa, eta egun 12.000 herritar baino gehiago bizi dira bertan. Vienako erdigune historikotik 15 kilometrora kokatua egon arren, auzoa garapen etengabean dago, eta Vienako etxebizitza eredu arrakastatsuaren adibide argigarria da. Hofstetter Vienako etxebizitza ereduaren garapen estrategikoan aritua da, ikerketan eta nazioarteko lankidetzan; Vienako Udalean ere hainbat ardura izan ditu hirigintza eta etxebizitza sozialeko sailetan.

"Vienako eredua da etxebizitza larrialdiari erantzuteko guztiok darabilgun erreferentzia nagusia. Badagoela zer ikasia frogatu dugu. Etxebizitza parkearen zati handiena publikoa da, eta sektore pribatuak mugatuta ditu irabazi asmoak. Etxebizitza eskubidea delako, beste ezeren gainetik. Hori da bide bakarra herritar guztientzat eskuragarria egiteko", nabarmendu du Otxandianok.
 

SPÖ alderdiarekin Austriako Parlamentuan

Vienara eginiko bidaian Austriako Parlamentua bisitatzeko aukera ere izan dute. Bertan, Austriako SPÖ Alderdi Sozialdemokratako Etxebizitza Politikaren Paul Stich bozeramailearekin bildu dira EH Bilduko ordezkariak; Austriako koalizio gobernuaren parte da SPÖ.

Besteak beste, Vienako eredu arraskatsuaz, etxebizitza larrialdiari aurre egiteko neurri eraginkorrez, bizitzaren garestitzeaz, aberastasunaren banaketaz eta migrazioaz mintzatu dira ordubete baino gehiago luzatu den bilera aberasgarrian. Etxebizitzari lotutako kezkak partekatzeaz gain, Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta Austriako egoera politikoak aztertzeko parada ere izan dute; baita eskuin muturraren gorakadaz aritzeko ere.

Bidaiaren balio politikoa eta ateratako irakaspen eta hausnarketa aberasgarriak nabarmendu dituzte Otxandianok eta Aznalek. Vienako ereduaren bultzatzaileekin elkarlanean jarraitzeko eta haien ekarpenak aintzat hartzeko eskatu diete euskal erakundeei.