AKTUALITATEA

Naziogintza | 2025-01-08

Arnaldo Otegi Koordinatzaile Nagusiak abiatu berri den urterako lan lerroak zehaztu ditu ETB1eko "Egun On" saioko elkarrizketan. Urte berri honetarako erronka nagusia estatu politiko berri baterantz pausoak ematea dela aitortu du Otegik. «Badago gobernu bat Estatuan aukera eman dezakeena estatus politikoaz hitz egiteko eta, bai EAJk eta bai guk, oso argi daukagu momentua hau dela. Abertzaleen artean batuketa ezin da zero izan, gure nazio izaera zaintzeko lan amankomuna egin behar dugu». Adostu beharreko gutxieneko horiez ere mintzatu da bozeramailea: «Hasi gaitezen errespetatuz nazio bat garela, zazpi lurralde osatua, eta gure harreman eredua nazio batetik estatu batekikoa izan behar duela. Hasi gaitezen esaten garaiko erronkei aurre egiteko ze botere eta ze berme behar ditugun. Hoiek dira estatus politiko berri aterako osagaiak».

PSEk erabakitzeko eskubidearen inguruan jartzen dituen muga edo trabez galdetuta, «hemen denak gara erabakitze eskubidearen aldekoak, arazoa da nork erabakitzen duen. Guk dena Euskal Herrian erabaki nahi dugu eta, beste batzuek, dena Espainiak erabakitzea nahi dute», adierazi du Otegik.

Bestalde, Francoren heriotzaren urteurrenaren harira, Koordinatzaile nagusia esan du normala dela Espainiako erregea ez egotea ekitaldietan, «Francok jarri zuelako hor. Duela 50 urte Franco hil zen, baina frankismoak estatu aparatuetan hor jarraitu zuen», salatu du. Ultraeskuinak oro har bizi duen gorakadari ere egin dio erreferentzia Otegik: «Euskal Herrian ultraeskuinak ez du indarrik baina Espainiar Estatuan gobernatu dezake. Ez al da arduragabea herri baten, belaunaldi berrien eta euskararen etorkizuna botere harreman horretara kondenatzea? Faxismoari aurre egiteko ere, burujabetza behar dugu».

Bukatzeko, zerga erreformaren eztabaidari heldu diote telebista saioan. «Benetako zerga erreforma bat behar dugu diru-sarrera nahikoak bermatuko dituena zerbitzu publikoak indartzeko. Gu hor gaude. EAJ-PSE ituna kenkariz beteta dago, administrazioari diru gutxiago ekarriko diona. Hau ez da zerga erreforma, makillaje fiskala da», esan du Otegik.