Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia ETB1eko 'Egun on' saioan elkarrizketatu dute, gaur goizean, eta bertan asteburuko irudiak balioan jarri ditu: «Munduko elkartasunaren txapelketan, Euskal Herria eta gure herri izaera txapeldun atera dira. Finean Palestinaren eta Euskal Herriaren arazoak nazionalak dira: biok Estatu izateko eskubidea dugu eta biok herri zatituak eta okupatuak gara».
Otegik, halaber, aurrekontu negoziazioan EH Bildutik Eusko Jaurlaritzari mahai gainean jarri dioten proposamena azaldu du. «Etxebizitza larrialdi aurre egiteko proposamen zehatza egin dugu: funts publiko bat sortzea ahalik eta etxebizitza parke publiko zabalena izateko eta 30.000 etxe egiteko hurrengo 10 urteetan», nabarmendu du.
Zupiria sailburuak egindako adierazpenen harira, idazkari nagusiak salatu duenez, «ultraeskuinaren markoak erostea beti da arriskutsua. Atxilotuen jatorria publiko egiteak estigmatizaziora garamatza. Kaleetan segurtasuna izateko, bizitzetan ere segurtasuna behar dugu». Ararteko berriaren inguruan sortutako polemikaz galdetuta, honakoa adierazi du Otegik: «EAJ etengabe ari da gutaz hitz egiten; guk gure proiektuaz hitz egiten dugu. Lokatzetan sartu nahi gaituzte, baina ez dute lortuko. Norbaitek sinetsarazi nahi digu Ararteko berriaren izendapena ez dutela PPrekin hitz egin?».