Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Radio Euskadiko 'Ganbara' saioan adierazi duenez, «Eusko Jaurlaritzak bidelagunak aukeratu behar ditu. Ez da gauza bera eskuin espainolistarekin edo ezker subiranistarekin itunak egitea. Ez du balio esatea PP mehatxua dela eta hurrengo egunean haiekin ituna egitea. EAJ edozeinekin edozer gauza hitzartzeko epe laburreko ariketa batean dago».
Zupiriaren adierazpenei dagokienez, honakoa adierazi du: «Segurtasuna eta migrazioa nahasteko interesa dute sektore kontserbadoreek. Vox eskuin muturreko indar minoritarioa da Eusko Legebiltzarrean, eta ezin dio jarraibidea ezarri Jaurlaritzari gai honetan».
«Euskal Herriak larunbatean Bilboko kaleetan erakutsiko du guztiz antifaxista dela eta memoria duela. Aprobetxa ditzagun hemen ditugun baldintzak eskuin muturraren erasoari erantzun demokratiko, plural eta masiboa emateko», azpimarratu du, EH Bilduk 'Askatasun haizea' lelopean Bilbon deitu duen manifestazioaren harira.