AKTUALITATEA


| 2023-05-21 08:26:00

(Maiatzeko aldkizkariko elkarrizketa) Mikel Arruti Salaberria (Lezo, 1977) Lezoko EH Bilduren alkategaiak ilusioz ekin dio udal hauteskundeen kanpainari. Alkate izateko baldintzak eta aukerak ikusten ditu. EH Bilduren proiektua, taldea eta jarrera nabarmendu ditu.

Berriz ere Lezoko EH Bilduren alkategai zara. Zergatik animatu zara?
Planteatu zidatenean, aurrekoan baino seguruago sentitzen nintzen. 2019an zalantzak nituen eta kostatu zitzaidan; Lezo Errotik prozesutik gentozen eta horrek animatu ninduen.

Orain, zerk?
Lezorako hamabost bat urterako proiektua daukagu, taldea ere badugu, eta horrek animatu ninduen. Proiektu polita dugu. (Hauteskunde programa)

Ilusioarekin alkate izateko?
Bai, handiarekin, eta anbizioarekin. Jendearengan ere ilusio hori nabaritzen da.

Nolako zerrenda da Lezoko EH Bildurena?
Orain ere oso talde polita osatu dugu. Niretzat oso adierazgarria da zerrendako hamaseiak Lezokoak garela, Lezon bizi garenak. Ikusita beste taldeen zerrendak, EH Bildu da bakarra guztiak Lezokoak garenak. Herrigintzatik datozen pertsonak gara. Oso zerrenda anitza eta aberatsa dugu.

Azkenaldian eragileekin eta herritarrekin hainbat bilera egin ditu Lezoko EH Bilduk. Zer bilatu duzue?
Beharrezkoa da jendearekin gertuko hartu-emana izatea. Horregatik, 25 elkarte eta eragilerekin elkartu gara, auzoetara joan gara (Altamira, Pisbe-San Pedro eta Lopene, Gaintxurizketa), baserritarrekin ere egon gara… Guretzako hori oso aberatsa da. Konpromiso bat adierazi diegu: alkatetzan egon edo ez egon, bilerak mantenduko ditugu.

Auzokideek eta elkarteek zer nabarmendu dute?
Bilera guztietan agertu da ez zaiela kasu handiegirik egin. Adibidez, udalera jotzean, erantzun falta nabaritzen zuten, eta auzokide guztiek nabarmendu dute auzoa abandonatuta egongo balitz bezala sentitzen direla. Horri buelta eman behar zaio.

Lezoko EH Bilduk esan du “zentralitate politikoa” duela? Zer esan nahi du horrek?
Uste dugu EH Bilduk baduela gaitasuna gainerako alderdiekin akordioetara iristeko. Proposamenak luzatu dizkiegu. Badaude Lezorako estrategikoak izan daitezkeen gai batzuk, eta ez alderdi bezala, baizik eta herri bezala jokatu behar dugu.

Zertan?
Gaintxurizketako errepide eta trafiko arazoak herriko eskaera bat izan behar du.

Beste kasurik?
Badiaren inguruko proposamen bat kaleratu dugu, eta horrek ere herri proiektu bat izan behar du. EAJri dei bat luzatu diogu: jakinik portua estatuaren eskumena dela, guztiok egin behar dugu indarra Madrilen.

Martxan da hauteskunde kanpaina, mahai gainean daude proposamenak, boto eskaerak…
Bai, eta EAJri, PSEri eta Elkarrekin Podemosi alkategaien arteko mahai inguru baterako gonbitea luzatu diegu. Herritarrentzat aberasgarria izango litzateke. (EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemoseko alkategaiek ez dute erantzun)

Elkarrekin Podemosekin bilera bat egin zenuten martxoan.
Lehen aldiz aurkeztuko da udal hauteskundeetan. Ikusi genuen badaudela arlo batzuk bat egin dezakegunak. Bilera positiboa izan zen.

Alkate bazara, zure udal gobernuak zer jarrera izango du?
Garrantzitsua da kontuan izatea 2019an abstentzioa %35ekoa izan zela; 1.700 herritar inguruk ez zuten bozka eman. Kontuan hartu behar dugu alkatetzan zaudenean herritar guztientzako gobernatu behar duzula.

Eta zer neurri hartuko zenituzkete “guztientzako” gobernatzeko?
Adibidez, ordezkaritza izango duten udal talde denek udaleko organu desberdinetan lekua izatea. Orain ez da hori gertatzen, EAJ-PSEri esan genion arren. Gure konpromisoa da udaleko alderdi guztiek lekua izatea horrelako guneetan.

(Mikel Arrutiren erantzun batzuk)

Zaintza eta ingurunea dira Lezoko EH Bilduren programaren ildo estrategikoak. Zergatik?
Zaintza hartu dugu gure eredu edo aterki gisa. Zaintzaren barruan, batetik, herritarren zaintza dago, eta hor, egoera zaurgarrienean dauden pertsonen zaintza bereziki; bestetik, ingurunearen zaintza, eta esaten dugu, alde batetik, ingurumena, baina baita herriaren zaintza ere. Eta, gero, zaintza horretarako beharko liratekeen azpiegiturak. Modu horretan egin dugu gure proiektua.

Zein dira, zure ustez, proposamen nagusiak?
Arraitokiko eremuan zentro zibiko-sozial bat irudikatzen dugu. Lezo herri bizia da, herriko elkarte eta eragileek egiten duten lanaren ondorioz, eta beraien eguneroko jarduna aurrera eramateko leku eta baldintza egokiak behar dituzte. Bestalde, egungo Aiton Borda malda baten dago eta irisgarritasuna ez da egokiena adineko pertsonentzat, eta planteatzen dugu Aiton Borda ere Arraitokira ekartzea. Badugu beste proiektu bat: etxeak egingo dituzten Aralar kaleko eremura anbulatorioa ekartzea. Gaur egun herriko ertz batean dago. (Bideoa: Azpiegiturak)

Nabarmendu nahi duzun beste proposamenik?
Zaintzarekin eta herritarren ongizatearekin lotuta, beste proiektu bat da errepideen berrantolaketa eta kaletartzea. Lezo bi errepide nagusik zatitzen dute, Jaizkibel hiribidekoak eta Elias Salaberria hiribidekoak. Donibanera doazen kamioi asko portukoak dira, eta portuko trafikoak portutik pasatu behar du. Elias Salaberriatik doazen kamioi asko, berriz, dira Algeposara edo industrialdera doazenak, eta Oiartzungo Udalarekin ari gara planteatzen autopistatik lotura zuzen bat izatea eta kamioiak handik desbideratzea.

Lezok aparkaleku arazo handia du.
Bai. Guk proposatzen dugu Arraitokiko eremuan parking publiko bat eraikitzea, aipatu dugun zentro horren azpian, eta bi pisukoa litzateke. Eta beste aparkaleku bat, hau ere publikoa, Elias Salaberrian garai batean marmoleria eta txatarreria zegoen gunean. Eta zergatik bi gune horietan? Herriko bi izkinetan dauden guneak dira, eta iruditzen zaigu herri erdian eginez parkingak, herria kotxez saturatuko litzatekeela. Oinezkoentzat herri atseginagoa izango litzateke parkingak bi sarreratan eginez gero. (Bideoa: Herri atsegina)

Hondakinen arloan, EH Bildurekin Lezon atez ateko sistema berriz, bai ala ez?
Modu interesatuan piztu den zarata da, eta garbi esan nahi dugu: guk alkatetza lortzen badugu, atez atekoa ez dugu jarriko, inola ere ez. Ikasi genuen, autokritika egin genuen, badakigu gure egiteko era jendeak ez zuela ulertu eta horrek zer ekarri zuen. Egia dena da gaur egun edukiontzietatik kanpo zabor poltsak daudela, poltsak puskatuak eta lurrean zabor guztia… Hori bai aldatu behar dugula. Baina jendearekin berriro kontzientzia lana egin behar bada, egingo da, indartu behar direlako egungo sisteman bereiztea, berziklatzea, eta garbitasuna. Baina atez atekoa, ez dugu jarriko.

EH Bilduk etxebizitzaren gaian Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu du. Lezon zer eragin izan dezake akordioak?
Guretzat oso lege garrantzitsua da, udalek etxebizitzen inguruan eskumen batzuk dituztelako, eta honek udalei aterki bat eskaintzen die erabakiak ziurrago har ditzaten. Etxebizitza lege honek esaten du herri batzuk gune tentsionatu moduan izendatzeko zer betebehar dauden, eta Lezok betetzen ditu betebehar horiek. Gure konpromisoa da Lezo gune tentsionatu bezala izendatzea.

Horrek zer ekarriko luke?
Adibidez, alokairu prezioak mugatzeko aukera. Bestalde, orain Olatzarreko eremuan etxebizitzak egingo dituzte. Etxe bloke bat udal lurretan eraikiko da [33 etxebizitza], babes ofizialekoak izango dira horko etxebizitzak, baina udalaren esku izango da izendatzea salmentarako edo alokairurako, eta guk esan genuena da alokairurako izendatzea udalak. EAJk ez badu egiten, alkatetzan gaudela guk alokairuko bezala izendatuko ditugu.

2015eko udal hauteskundeetan Lezon EH Bildu ez zen lehen indarra izan. 2019an, bai. Aurtengorako zer aurreikusten duzu?
2019an 2015ean galdu genituen bozkak berreskuratu genituen, eta orain jauzi bat egiteko garaia dugu; gainera, baldintzak baditugu, aukerak baditugu. Aurten 2019an baino bozka gehiago lortu behar ditugu; horrek izan behar du gure helburua. Jendeak ikusi du gure egiteko modua zein den, zein gure proposamenak Lezon, baita adibidez Madrilen ere, eta jendeak hori barneratu du.

“Jauzia” egiteko, nondik lortu botoemaile berriak?
Gure helburuak izan behar du 2019ko bozka kopurua handitzea. Abstentzioan geratu zen jendea erakarri behar dugu. Bestalde, EAJn badago jende bat EH Bildurekiko asko fio ez zena, baina gure egiteko moduarekin erakar eta eskura dezakegu.

Nolakoa izan da EAJ-PSE udal gobernuaren kudeaketa?
Itsasoa nahasirik ez bazegoen, txalupak aurrera jarraitu du, korronteak eramanda, inertziaz, baina itsasoa pixka bat zakartzean, nabaritzen zen lemazainik ez zegoela, eta arraunlaririk ere ez. Adibide bat pandemia izan zen. Badakigu pandemia bat kudeatzea oso zaila dela, baina ikusi zen atzetik ibili ginela. Gero, aukerak izatean olatua aprobetxatzeko, ez dugu jakin izan; adibidez, orain Itturrin industrialdea berritzeko aukera genuen milioi bateko laguntza jasotzeko Jaurlaritzatik, eta udalak lanak egin ez dituelako garaiz, laguntza galdu du.

Funtsean, herritarrak nola erakarri nahi dituzu maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan Lezoko EH Bildu bozkatzera?
Gure balioak gertutasunak izan behar du. Gertutasuna, eta jendeari konfantza eskaini.

Elkarrizketa osorik

EZAGUTU MIKEL