(Lezoko EH Bilduren maiatzeko aldizkariko elkarrizketaren bertsio luzea) Mikel Arruti Salaberria (Lezo, 1977) Lezoko EH Bilduren alkategaiak ilusioz ekin dio udal hauteskundeen kanpainari. Alkate izateko baldintzak eta aukerak ikusten ditu. EH Bilduren proiektua, taldea eta jarrera nabarmendu ditu. “Gure balioak gertutasuna eta konfiantza dira, eta jauzia egiteko garaia dugu”
Berriz ere Lezoko EH Bilduren alkategai zara. Zergatik animatu zara aurkeztera?
Planteatu zidatenean berriro alkategai izatea, aurrekoan baino seguruago sentitzen nintzen eta ez nuen hainbeste pentsatu behar izan. 2019an, eta hau gutxik dakite, zalantzak nituen eta kostatu zitzaidan; Lezo Errotik prozesutik gentozen eta horrek animatu ninduen.
Orain, zerk?
Lezorako hamabost bat urterako proiektua daukagu, taldea ere badugu, eta horrek animatu ninduen. Proiektu polita dugu, eta baliabideak ere bai hori gauzatzeko.
Ilusioarekin alkate izateko?
Bai, ilusio handiarekin, eta, taldekideen artean esaten dudan bezala, anbizioarekin. Jendearengan ere ilusio hori nabaritzen da, eta horrek ere bultzatzen zaitu ikustera bide onetik goazela. Hori niretzako garrantzitsua da.
Alkategai proposamena onartu aurretik inguruan kontsultak egin al zenituen?
Bai. Gehienbat, familian, gurasoekin. Beti askatasun guztia eman didate, eta oso eskertua nago eman didaten heziketaz. Animatzen ninduten; “zure erabakia da, eta ikusten baduzu prest zaudela, aurrera”. Lagunek eta nire gertukoenek ere uste zuten lan polita egiten ari ginela, eta aurrera jarraitzeko. Indarra eta babesa jaso nituen, eta pozik.
Nolako zerrenda da Lezoko EH Bildurena?
2019an osatu genuen taldearekin oso pozik nengoen, eta orain ere oso talde polita osatu dugu. Niretzat oso adierazgarria da den ikur edo keinu bat da zerrendako hamaseiak Lezokoak garela; Lezon bizi garen pertsonak gara. Ikusita beste taldeek osatu dituzten zerrendak, EH Bildu da zerrenda bakarra guztiak Lezokoak garenak. Bestetik, zerrenda anitza da gurea: ez dago bakarrik politikan dabilen jendea; herrigintzatik datozen pertsonak daude, hainbat talde eta eragiletatik datozenak dira, herria ezagutzen dutenak dira eta herriko bizitza ezagutzen dutenak. Orduan, uste dut oso zerrenda anitza eta aberatsa sortu dugula.
Azkenaldian eragileekin eta herritarrekin hainbat bilera egin ditu Lezoko EH Bilduren hautagaitzak. Zer bilatu duzue?
Lezoko EH Bilduko talde eragilean hausnarketa prozesu bat egin, eta autokritika ere egin genuen: azken lau urte hauetako legegintzaldian falta izan zaigu auzoetara gehiago joatea, eragileekin gehiago egotea; harreman zuzen hori gehiago elikatu eta zaindu behar genuela genioen, beharrezkoa dela jendearekin gertuko hartu-emana izatea. Horregatik, 25 elkarte eta eragilerekin elkartu gara, auzoetara joan gara (Altamira, Pisbe-San Pedro eta Lopene, Gaintxurizketa), baserritarrekin ere egon gara… Guretzako hori beharrezkoa eta oso aberatsa da.
Udal hautagaitzen artean ekimena hartu nahian?
2019an lehen indarra izan ginen, eta ekimena hartzen duen taldea izatea dagokigu. Hauteskundeetarako ez, baizik eta lehenago hasi ginen taldeekin eta eragileekin elkartzen, pandemia garaiko bilerei jarraipena emateko. Kontrasterako bilerak hasi ginen egiten, eta konpromiso bat adierazi diegu: alkatetzan egon edo ez egon, bilera horiek mantenduko ditugu.
Bilera horietan, auzokideek eta elkarteek zer nabarmendu dute?
Bada gai bat bilera guztietan agertu dena: ez zaiela kasu handiegirik egin. Adibidez, udalera jotzean eta idatziak-edo erregistratzen zituztenean edo galderaren bat zutenean, erantzun falta nabaritzen zuten, eta auzokide guztiek nabarmendu dute beraien auzoa abandonatuta egongo balitz bezala sentitzen direla. Horri buelta eman behar zaio. Udala izanik herritarrengandik gertuen dagoen instituzioa, ezin da gertatu herritarrek sentsazio hori izatea: “Udalera jotzen dut, baina ez dut erantzunik jasotzen”.
Lezoko EH Bilduk esan du “zentralitate politikoa” duela? Zer esan nahi du horrek?
Uste dugu EH Bilduk baduela gaitasuna gainerako alderdi guztiekin akordioetara iristeko. Hausnarketa prozesua egin genuenean, iruditzen zitzaigun hori izan behar dela gure jarrera; lehen indarra izanik bazegokigula eta ardura handiagoa genuela. Gure lan egiteko modua hori izan da: proposamenak luzatu dizkiegu akordioetara iristeko, eta orain ere berdina egiten dugu. Badaude Lezorako estrategikoak izan daitezkeen gai batzuk, eta ez alderdi bezala, baizik eta herri bezala jokatu behar dugu.
Adibidez, zertan?
Errepideak zeharkatzen du Gaintxurizketa, trafiko handia dago, autoak eta kamioiak abiadura handiz pasatzen dira, duela gutxi neska gazte bat hil zen ibilgailu batek harrapatuta, eta auzotarrek errepidea gurutzatu behar dute Euskotreneko geltokira edo autobus geltokira joateko, eta horrek herriko eskaera bat izan behar du, herriko proiektu bat. Ezin du izan EH Bilduren proiektu bat, edo EAJren proiektu bat, edo PSErena… Herri proiektu bat izan behar da. Proiektu estrategikoetan herri bezala jokatu behar dugu.
Beste kasurik?
Badiaren inguruko proposamen bat kaleratu dugu, eta iruditzen zaigu horrek ere herri proiektu bat izan behar duela. EAJri dei bat luzatu diogu: jakinik portua estatuaren eskumena dela, guztiok egin behar dugu indarra Madrilen badiaren proposamena aurrera eramateko. Ez du zertan izan EH Bilduk egin duen proposamen hori; uste duguna da herri bezala jokatu behar dugula eta Madrilera joan behar dugula guztiok baturik, indar handiagoa eduki dezagun.
Martxan da hauteskunde kanpaina, mahai gainean daude proposamenak, boto eskaerak…
Bai, eta herritarrentzat aberasgarria izango litzateke entzutea alderdi bakoitzak zer proposamen eta zer egiteko modu ditugun, eta herritarrek galdetzeko aukera izatea. EAJri, PSEri eta Elkarrekin Podemosi alkategaien arteko mahai inguru baterako gure prestasuna eta gonbitea luzatu diegu.
Elkarrekin Podemos aipatu duzu. Haiekin bilera bat egin zenuten martxoan.
Lehen aldiz aurkeztuko da udal hauteskundeetan. Herritarrek zenbat eta alderdi gehiago eduki aukeratzeko, guretzat hori ona da, aberasgarria, pozten gara, eta Podemosekin egindako lehen hartu-eman hori, gehienbat elkar ezagutzeko izan zen eta gure lan ildoak zein diren adierazteko. Ikusi genuen badaudela arlo batzuk bat egin dezakegunak. Bilera positiboa izan zen eta aurrerantzean hizketan jarraitzekotan geratu ginen.
Alkate baldin bazara, zure udal gobernuak zer jarrera izango du?
Garrantzitsua da kontuan izatea 2019ko udal hauteskundeetan abstentzioa %35ekoa izan zela; alegia, 1.700 herritar inguruk ez zuten bozka eman. Kontuan hartu behar dugu alkatetzan zaudenean herritar guztientzako gobernatu behar duzula. Alkatetzan egoteko, gu gehiengo absolutuaren bila goaz, baina horrek ez du esan nahi herritar gehienek gu bozkatu gaituztenik; alegia, gu bozkatu ez gaituztenak eta abstentzioan geratuko direnak, gu bozkatutakoak baino herritar gehiago izango dira.
Eta zer neurri hartuko zenituzkete “guztientzako” gobernatzeko?
Adibidez, ordezkaritza izango duten udal talde denek udaleko organu desberdinetan lekua izatea, ahotsa eta erabakitzeko gunea izatea. Orain ez da hori gertatzen. 2019an EAJ-PSEri esan genion tokiko gobernu batzordean lekua izan nahi genuela —gainera, lehen indarra izanik, bazegokigun—, baina lau urte hauetan ez dugu lekurik izan, ez digute ahotsik eman, eta entzuteko ere ez digute aukerarik utzi. Gure konpromisoa da udaleko alderdi guztiek lekua izango dutela horrelako guneetan.
Zaintza eta ingurunea dira Lezoko EH Bilduren programaren ildo estrategikoak. Zergatik?
Zaintza hartu dugu gure eredu edo aterki gisa. Zaintzaren barruan, batetik, herritarren zaintza dago, eta hor, egoera zaurgarrienean dauden pertsonen zaintza bereziki; bestetik, ingurunearen zaintza, eta esaten dugu, alde batetik, ingurumena, baina baita herriaren zaintza ere. Eta, gero, zaintza horretarako beharko liratekeen azpiegiturak. Modu horretan egin dugu gure proiektua.
Zein dira, zure ustez, proposamen nagusiak?
Arraitokiko eremuan zentro zibiko-sozial bat irudikatzen dugu. Lezo herri bizia da, herriko elkarte eta eragileek egiten duten lanaren ondorioz, eta haiek beraien eguneroko jarduna aurrera eramateko leku eta baldintza egokiak behar dituzte. Bestalde, gaur egungo Aiton Borda malda tente baten dago eta irisgarritasuna ez da egokiena adineko pertsonentzat, eta planteatzen dugu Aiton Borda ere Arraitokira ekartzea. Badugu beste proiektu bat: etxeak egingo dituzten Aralar kaleko eremura anbulategia ekartzea. Gaur egun herriko ertz batean dago, eta erdigunera ekarriz, denentzako gertuago eta irisgarriagoa izango da.
Nabarmendu nahi duzun beste proposamenik?
Zaintzarekin eta herritarren ongizatearekin lotuta, beste proiektu bat da errepideen berrantolaketa eta kaletartzea. Lezo bi errepide nagusik zatitzen dute, Jaizkibel hiribidekoak eta Elias Salaberria hiribidekoak, eta saiatuko ginateke hortik pasatzen diren kamioiak ez pasatzea. Adibidez, Donibanera doazen kamioi asko portukoak dira, eta planteatzen dugu portuko trafikoak portutik pasatu behar duela. Elias Salaberriatik doazen kamioi asko, berriz, dira Algeposara edo industrialdera doazenak, eta Oiartzungo Udalarekin ari gara planteatzen autopistatik lotura zuzen bat izatea eta kamioiak handik desbideratzea.
Lezok aparkaleku arazo handia du.
Bai. Ikusten dugu aparkatzea zer zaila den. Guk proposatzen dugu Arraitokiko eremuan parking publiko bat eraikitzea, aipatu dugun zentro horren azpian, eta bi pisukoa izango litzateke. Eta beste aparkaleku bat, hau ere publikoa, planteatzen dugu Elias Salaberrian garai batean marmoleria eta txatarreria zegoen gunean. Eta zergatik planteatzen ditugun bi gune horietan? Herriko bi izkinetan dauden guneak dira, eta iruditzen zaigu herri erdian eginez parkingak, herria kotxez saturatuko litzatekeela. Oinezkoentzat herri atseginagoa izango litzateke bi sarreratan eginez gero parkingak.
Hondakinen arloan, EH Bildurekin Lezon atez ateko sistema berriz, bai ala ez?
Nabaritzen ari gara badabilela mamu bat: EH Bildu alkatetzan egonez gero berriro atez atekoa etorriko dela. Zentzu batean, modu interesatuan piztu den zarata da, eta garbi esan nahi dugu: guk alkatetza lortzen badugu, atez atekoa ez dugu jarriko, inola ere ez. Ikasi genuen, autokritika egin genuen, badakigu gure egiteko era jendeak ez zuela ulertu eta horrek zer ekarri zuen. Egia dena da gaur egun edukiontzietatik kanpo zabor poltsak daudela, poltsak puskatuak eta lurrean zabor guztia… Hori bai aldatu behar dugula. Baina jendearekin berriro kontzientzia lana egin behar bada, egingo da, indartu behar dena delako bereiztea, berziklatzea, gaur egun dagoen sisteman, eta garbitasuna. Baina atez atekoa, ez dugu jarriko.
EH Bilduk etxebizitzaren gaian Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu du. Lezon zer eragin izan dezake akordioak?
Guretzat oso lege garrantzitsua da, udalek etxebizitzen inguruan eskumen batzuk dituztelako, eta honek udalei aterki bat eskaintzen die erabakiak ziurrago har ditzaten. Etxebizitza lege honek esaten du herri batzuk gune tentsionatu moduan izendatzeko zer betebehar dauden, eta Lezok betetzen ditu betebehar horiek. Gure konpromisoa da Lezo gune tentsionatu bezala izendatzea.
Horrek zer ekarriko luke?
Adibidez, alokairu prezioak mugatzeko aukera. Bestalde, orain Olatzarreko eremuan etxebizitzak egingo dituzte. Etxe bloke bat udal lurretan eraikiko da [33 etxebizitza], babes ofizialekoak izango dira horko etxebizitzak, baina udalaren esku izango da izendatzea salmentarako edo alokairurako, eta guk esan genuena izan zen etxe horiek alokairurako izendatzea udalak. EAJk oraindik ez badu egiten, alkatetzan gaudela guk alokairuko bezala izendatuko ditugu.
2015eko udal hauteskundeetan Lezon EH Bildu ez zen lehen indarra izan. 2019an, bai. Aurtengorako zer aurreikusten duzu?
Uste dut 2023an 2019an baino hobeto gaudela. Alde batetik, 2019tik hona herrian egin dugun bideagatik, eta, bestalde, testuinguru orokorragatik. 2019an 2015ean galdu genituen bozkak berreskuratu genituen, eta orain jauzi bat egiteko garaia dugu; gainera, baldintzak baditugu. Jauzi hori egiteko aukerak baditugu. Aurten 2019an baino bozka gehiago lortu behar ditugu; horrek izan behar du gure helburua. Baldintzak badaude, ongi posizionatuak gaude, uste dut lan txukuna egin dugula, eta herritarrak hori jasotzen ari dira. Jada ez da garai batean jende batek eduki zezakeen zalantza edo mamu hori: EH Bildurekin ea zer, EH Bildurekin ea zer…; jendeak ikusi du gure egiteko modua zein den, zeintzuk diren gure proposamenak Lezon, baita adibidez Madrilen ere, eta jendeak hori antzeman du, barneratu du. Gure egiteko moduan garrantzia ematen diegu egin ditugun bilera horiei guzitei: herritarrekin egon gara, gertutasuna dugu, eta jendeak hori eskertzen du, jendeak hori behar du. Horregatik uste dut baldintza hobeetan gaudela eta aukera gehiago ditugula.
“Jauzia” egiteko, Lezon EH Bilduk nondik lor ditzake botoemaile berriak?
Gure helburuak izan behar du ez 2019ko bozkei eustea, baizik eta kopurua handitzea. Abstentzioan geratu zen jendea erakarri behar dugu. Bestalde, EAJ bozkatu zuen jendea ere bai. Badago jende bat EH Bildurekiko asko fio ez zena eta zalantzak zituena, baina gure egiteko moduarekin jende hori erakar eta eskura dezakegu.
Nolakoa izan da EAJ-PSEren kudeaketa?
Itsasoa nahasirik ez bazegoen, txalupak aurrera jarraitu du, korronteak eramanda, inertziaz, baina itsasoa pixka bat zakartu denean, nabaritzen zen lemazainik ez zegoela eta arraunlaririk ere ez. Adibide bat pandemia izan zen. Badakigu pandemia bat kudeatzea oso zaila dela, baina ikusi zen atzetik ibili ginela. Beste herriek gauzak egiten eta erabakiak hartzen zitiuzten bitartean, Lezon geunden geldirik. Guk deitutako bilera batean elkartu ginen alderdi guztiak, eta hor hasi ziren proposamenak ateratzen. Proposamenak guk planteatzen genituen. Eta, gero, aukerak izan ditugunean olatua aprobetxatzeko, ez dugu jakin izan; adibidez, Itturrin industrialdea zaharkitua dago, eta orain bagenuen aukera milioi bat euroko laguntza jasotzeko Eusko Jaurlaritzatik, eta Lezoko Udalak lanak egin ez dituelako garaiz, milioi bat euroko laguntza hori galdu du.
Funtsean, herritarrak nola erakarri nahi dituzu maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan Lezoko EH Bildu bozkatzera?
Gure balioak gertutasunak izan behar du. Gertutasuna, eta jendeari konfantza eskaini. EH Bilduk esaten duena egiten du, eta egiten duena esaten du. Herritarrengana joan gara, harreman zuzena edukitzeko. Guk horrela erakarri nahi ditugu; ezagutuz, eta ezagutu gaitzaten nolakoak garen eta ikus dezatela herritarrak garela, herriko bizitza ezagutzen dugula eta herriko beharrak ezagutzen ditugula. Herrigintzatik gatoz, eta hori da gure balioa.