AKTUALITATEA


| 2023-07-21 13:53:00

Igande honetan izango dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta, joan den maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan bezala, uste dugu EH Bilduk oso emaitza onak lortuko dituela. Alegia, berriro #EgingoDugu.

Funtsean, EH Bilduk hiru ardatz ditu Kongresuko eta Senatuko jarduerari begira:
- Agenda soziala.
- Nazio auzia.
- Presoak eta iheslariak.

Azkeneko legealdi honetan, lehen eta hirugarren ardatzean lorpenak eta aurrerapausoak eman dira, aitortuz urrats sakonagoak eman behar direla. Nazio auzia, aldiz, ez da ukitu. EH Bilduren asmoa da hiruretan pausoak ematea datorren legealdian, hor ere aitortuz gure jarduera instituzionalaren epizentroa ez direla Madrilgo instituzioak, Hego Euskal Herrikoak baizik.

Baina baliatu behar ditugu igande honetako hauteskundeak ere. Eta baliatu, Lezon ere bai, maiatzeko bozetan eman genuen jauzia handitu dezagun. Espainiako 2019ko azaroko hauteskundeetan Lezon lehen indarra izan zen EH Bildu. Indartu dezagun gure posizioa.

Igandean, beraz, bozkatu EH Bildu.