AKTUALITATEA


| 2023-04-21 22:31:00

Lezoar gehienok ez dugu ezagutu gure herriak badiako uretara zuen irteera naturala, ezta badiaren paisaia naturala ere. Bada garaia horri buelta ematen hasi eta itsasorako irteera berreskuratzeko lehen urratsak egiten hasteko. Orain arteko portu ereduaren aldean, jarduera ekonomikoa eta herritarron ongizatea aintzat hartuko dituen badia eredua bilatzen du EH Bilduk. Eskuorria

EH Bilduren proposamen batzuk:

• Bi pisuko portua. Polentzarrene aurreko portuko eremua estali. Azpiko solairuan portuko jarduerari eutsiko litzaioke, eta gainaldeko espazioa herriak irabaziko luke, herria eta herritarrak itsasora gerturatuz.

• Portuko trafikoa antolatu. Portuko jarduerarekin zerikusia duten kamioiak portutik barrena mugitzea. Donibaneko Nabalaldea industri gunera doazenak portu barrutik, eta gainerakoak, portutik autopistarako lotura erabiliz. Horrela, Lezok sufritzen duen kamioien trafiko astuna asko lasaituko litzateke, kaleak herritarrentzako ziurragoak eta atseginagoak bihurtuz.

• Inguruko bizilagunek ia egunero jasaten dute portuko jarduerak sortzen dituen zarata eta kutsadura. Horiek murrizteko: barkuen kargak eta deskargak egiteko protokoloa berritu; material kutsakorrentzako instalazio bereziak eraiki; barkuak portuan dauden bitartean, sare elektriko orokorrera edo beste energia iturri berde batera konektatu motorrak itzal ditzaten...