AKTUALITATEA


| 2023-05-12 15:42:00

(2023-5-20: EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemoseko alkategaiek ez dute erantzun) Bart hasi da udal eta foru hauteskundeetako kanpaina, Lezon 5.000 herritar inguruk izango dute maiatzaren 28an botoa emateko aukera, eta Mikel Arruti Lezoko EH Bilduren alkategaiak EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosen alkategaiei mahai inguru publiko bat egiteko proposamena egin die. Arrutik atzo erregistratu zuen eskaera, udaletxean —idatzia, behean—, eta gaur bideo batean jakinarazi du eskaintza. Astebeteko epea eman die erantzuteko.

“Lezoarrek udal hautagaitzen eskaintza hobeto ezagutzeko eta kontrastatzeko, eta herritarren parte hartzea sustatzeko, Lezoko EH Bilduren ustez onuragarria litzateke alkategaion arteko mahai inguru publikoa egitea kanpainan zehar”, dio Mikel Arrutik, idatzian. Udal areto batean litzateke mahai ingurua, herritarren aurrean eta adostutako moderatzaile batekin.

LEZOKO ALKATEGAION ARTEAN MAHAI INGURU PUBLIKOA EGITEKO PROPOSAMENA

Agur t’erdi, Lezoko alkategaiok.

Gaur gauerdian hasiko da udal eta foru hauteskundeetako kanpaina, eta Lezon 5.000 herritar inguruk izango dugu maiatzaren 28an botoa emateko aukera.

Lezon hainbat talde politiko aurkeztuko gara udal hauteskundeetara, geure hautagai zerrenda, proposamen, egiteko modu eta ilusioarekin. Aberasgarria da lezoarrek hautatzeko aukera zabala izatea, eta guztiok ere saiatu behar gara ahal den parte hartzerik handiena lortzen. Azkeneko udal bozetan (2019) abstentzio handia izan genuen herrian: ia %35ekoa; 1.700 herritar pasak ez zuten bozka eman.

Hori guztia kontuan hartuta, eta lezoarrek udal hautagaitzen eskaintza hobeto ezagutzeko eta kontrastatzeko, eta herritarren parte hartzea sustatzeko, Lezoko EH Bilduren ustez onuragarria litzateke alkategaion arteko mahai inguru publikoa egitea kanpainan zehar.

Proposamen hau luzatzen dizuegu, beraz: EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosen alkategaiok mahai inguru publikoa egitea kanpainako egun batean, udal areto batean, herritarren aurrean eta adostutako moderatzaile batekin.

Zuen erantzunaren zain, adeitasunez,
2023ko maiatzaren 11n, Lezon,
Mikel Arruti Salaberria (Lezoko EH Bilduren alkategaia)

Erantzuteko epea: maiatzak 18 (osteguna). Guztiok mahai ingurua prestatzeko denbora nahikoa izan dezagun.