AKTUALITATEA


| 2023-10-27 17:28:00
Lezoko EH BILDUKO eta EAJko ordezkari politikook hemen bilduta, ondorengo adierazpena publiko egin nahi dugu: Lezo beti izan da harrera-herri, eta jatorri anitzeko herritarren topaleku. Modu horretan, hamaika hizkuntza biltzen da Lezoren baitan. Halere, herritar horiekin guztiekin batera, berezko hizkuntza eta gutxitutako hizkuntza dugun euskararen normalizazioan aurrera egiteko borondate eta konpromiso sendoa erakutsi dugu. Horren erakusle dira, besteak beste, Lezoko euskararen ezagutza 4 puntu igo izana azken hamar urteotan, eta gure aldetik, udalean euskararen erabileran emaniko aurrerapausoak. Ahalegin horri esker euskararen ezagutzak gora egin duen arren, gaur gaurkoz Lezoko herritarren %61 inguru gara euskaraz hitz egiteko gai, eta %19 ulertzeko gai. Beraz, gure hizkuntza komunitateak bizi izan duen gutxiagotze prozesu gogorrari aurre egiteko bide luzea dugu aurretik oraindik. Zentzu horretan, gure udalerriko herritarren ordezkariok kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gainera, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa. Oldarraldi honen agerpen mediatikoak eta politikoak aspalditik ezagunak bazaizkigu ere, azken boladan gordintzen joan dira, bereziki, alor judizialean. Azken bi urteetan, auzitegietatik euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontrako sententziak ugaritzen ari dira EAEn: Irun, Laudio, Barakaldo, UIiazpi, Erandio,…. Baita Nafarroako hainbat udaletan ere: Orkoien, Berriozar, Zizur Nagusia, Atarrabia, Lizarra, Uharte, Antsoain, Berriobeiti... Epai guztiek jomugan izan dituzte herritarron hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak, gizartean adostasun zabala dutenak. Hots, epaileak hizkuntza-politika egiten ari dira, kontsentsu zabalean oinarritutako neurrien eta horretarako eskumena duen botere legegilearen gainetik. Ildo beretik etorri dira EAEko Udal Legearen eta berau garatzeko dekretuaren aurkako epaiak. Epai horiek, nagusiki euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza gisa ezartzera bideratutako artikuluak, bai eta kontratazio publikoan euskara baloratzeko aukera ematen zutenak baliogabetu dituzte. Udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezarri ezin izana, ez barneko ezta kanpoko mailan ere, oztopoa da toki-erakundeen funtzionamenduei begira. Gainera, alderdi horiek eta beste batzuk funtsezkoak dira herritarrek beren hurbileko administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofiziala aukeratzeko duten eskubidea bermatzeko. Kaltetuenak euskara gehien erabiltzen den eta ohiko hizkuntza den udalerrietako herritarrak izanik. Azken epaiek, beraz, toki-autonomiaren aurka jotzen dutela ikusi dugu, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapena mugatzen dute. Adostasun politiko eta instituzionalak eta euskal gizartearen elkarlanak, euskal hiztunen komunitatearen bultzadak eraginda, euskararen bizitasuna indartzea ahalbidetu du gure herri eta hirietan. Epai horiek, berriz, bide hori oztopatzera datoz, euskaldunon hizkuntza eskubideen errespetuaren, eta beraz, elkarbizitzaren kaltetan. Kolpe handia da euskararen normalizazioarentzat, atzera egitera behartzen gaituztelako: bigarren mailako herritarrak izatera. Nafarroako udalerri euskaldunek, berriz, zailtasun handiak dituzte legeak eremu euskaldunetarako onartutako hainbat kontu eskubide osoz bideratzeko. Argi dago azken hilabeteotakoak ez direla sententzia isolatuak, botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko erabakiaren eta oldarraldiaren erakusle baizik. Ez da kasualitatea epai guztien oinarria zein den: gazteleraren nagusitasuna ezartzen dute eta, beraz, legeak aitortzen digun euskararen ofizialtasuna jartzen dute kolokan. Larritasun honen aurrean mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko. Izan ere, oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan. Honenbestez, dei egiten diegu euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera, 17:00etan Euskaldunatik abiatuko dena. Larria baita gertatzen ari dena: euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna dago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza. Oldarraldiaren aurrean, guk ere euskararekin eta euskaraz bat egingo dugu.