AKTUALITATEA


| 2023-05-08 13:28:00

Lezoko EH Bildu ari zen esaten azkeneko hilabeteetan: milioi bat euroko laguntza galtzear dago Lezoko Udala Itturringo industriagunea berritzeko. Horixe izan zen EH Bilduren 2022 urte bukaerako aldizkariko izenburu bat. Gaur jakin dugu udalak galdu duela Eusko Jaurlaritzaren laguntza hori, ez dituelako etxeko lanak egin. Salatzeko modukoa da EAJ-PSEren udal gobernuak erakutsi duen seriotasun eta ekimen falta.

Oarsoaldea Eskualdeko Plan Estrategikoa 2021ean onetsi zen, eta bere ardatzen artean, jarduera ekonomikorako gune zaharkituen berroneratzea finkatu zen. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez, Berpiztu planetik milioi bat euroko laguntza egokitu zuen Lezoko Udalarentzat.

Diru laguntza jaso ahal izateko, baldintza batzuk bete behar zituen Lezoko Udalak:

- Diru laguntzaren zenbatekoa kostu guztiaren %70a izango zela, gehienez, eta proiektu bakoitzeko, 500.000 euro. Gainerako finantzaketari udalak erantzun beharko zion egin beharreko obren kostu guztira iritsi arte. Itturringo industriaguneko hiru proiektuak: Olaizola, Itsu eta Abendaño. Aurrekontua denera, BEZ barne: 1,4 miloi euro.

- Egin beharreko obrak 2022 eta 2023. urteetan gauzatu behar ziren.

Lezoko Udaleko EAJ-PSE gobernuak 2022rako esandako lanak ez zituen gauzatu, eta 2023an egin ahal izateko beharrezkoa zen diru partidarik ez zuen aurreikusi aurtengo udal aurrekontuetan. Kasu horretan, 427.756€ko diru partida beharko litzateke Olaizola, Itsu eta Abendañoko faseak gauzatzeko. Ondorioz, EAJ-PSE taldearen kudeaketa dela eta, milioi bat euroko laguntza galtzear zen Lezoko Udala, eta hori gaur jakin da: galdu du.