Orain dela bi hilabete Getxoko Udalak hainbat karpa jarri zituen gure herrian, teorian txertaketa "masiboetarako". Bi hilabetera hiru karpa horiek kendu ditu Udalak (Areetan, Andra Marin eta Algortan egon dira), eta udal iturrien arabera, horrek 130.000 euroko kostua izan du, Udalak ordainduta getxoztar guztion poltsikoetatik.
EH Bildutik hainbat galdera erregistratuko ditugu, jakiteko benetan Getxon ezarritako karpa horietan zenbat txerto jarri dituzten. Hainbat auzokidek salatu duten bezala, getxoztarren gehiengoa BECera deitu dituzte bertan txertoak jartzera, herrian bertan horretarako hiru espazio prest genituen arren. Zergatik ez dira erabili karpak, horretarako jarri baziren? Beharrezkoak ziren benetan? Argi dago koordinazio falta itzela egon dela Osakidetza eta Getxoko Udalaren artean.
Ez da zilegi horrela xahutzea denon diru publikoa. Hori dela eta, EH Bildutik eskatu dugu txertaketa-kanpaina honen datuak publikoki kaleratzea: karpa bakoitzean zenbat txerto jarri diren, jarri den txerto bakoitzak zer nolako kostua sortu duen eta abar. Datuak lortzen baditugu eta zifrak horren baxuak direla egiaztatzen badugu, ardurak eskatuko ditugu Getxoko Udalean edo Osakidetzako zuzendaritzan.
Krisi ekonomiko larria pairatzen ari gara. Ez da onargarria auzokide guztion dirua horrela xahutzea. Beste behin ere, euren kudeaketa negargarriaren adibide argi bat.
Ikasturte politiko berria hastera doa, eta, zalantzarik gabe, osasun-krisia eta horrek sortu duen krisi ekonomikoa izango dugu protagonista. Eusko Jaurlaritzatik eta bestelako erakundeetatik ardurak eskatu dizkigute herritarroi, eurek ere dituzten erantzukizunak ahaztuz. Hezkuntza arloan Jaurlaritzak izan duen inprobisazioa eta baliabide falta horren adibide argia da. AHTaren kilometro bakoitza egiteko xahutu den diruarekin, zenbat irakasle kontratatu ahalko lirateke? Zenbat gela berri egokitu? Lehentasun kontua da.
Getxori dagokionez, Udalaren lidergo eta ideia falta nabaria da. EH Bildutik prest agertu gara elkarrekin aritzeko eta krisi honi denon artean aurre egiteko, ekarpenak eginez eta konponbideak proposatuz. Baina "normaltasun berri" honetan ere, EAJk eta PSEk inposaketaren bidea hartu dute.
Horren erakusle da Udaltzaingoaren araudi berriarekin gertatu dena. EAJk eta PSEk onartu dute eta oposizioak, herri-mugimenduak eta sindikatuek ez dute aukerarik izan bere erredakzioan parte hartzeko. EH Bildutik 33 emendakin aurkeztu dizkiogu, eta 8 onartzea lortu dugu: euskarari lehentasuna ematea, bizikleta udaltzaingoaren ibilgailu modura gehitzea... Baina zoritxarrez, gure ekarpen gehienak ez dituzte onartu: animalien ongizaterako unitate bat sortzea, udaltzainen zenbakia uniformearen aurrekaldean eta atzekaldean agertzea eta abar.