Urte bukaerarekin balantzea egiteko momentua heldu da eta oraingoan egiteko moduetan jarri nahi dugu arreta. Ereduen talka bizi dugu Getxon; izan ere, hartzen diren erabakiek jatorri eta interes ezberdinak dituzte. Urte hau ezaugarritu duten talka egoera batzuk aipatu nahi ditugu:
Udalak etxebizitzarako diren bi lursail ditu eta horiekin zer egin erabakitzeke dago. Bada, lursailak saldu eta salmenta librerako etxebizitzak eraikitzea da udal gobernuaren asmoa. Guk bestelakoa proposatzen dugu: orube horiek udal jabegoan mantentzea eta eraikitzekotan, alokairuzko etxebizitza publikoetarako bideratzea ehuneko ehunean. 900 etxebizitza huts baino gehiago daude herrian, mugiarazi ditzagun horiek gehiago eraiki beharrean.
Beste adibide bat Kultur Etxeko lanpostuekin gertatu dena da: udal gobernuak azpikontratazioaren alde egin du berriro, langileen lan baldintzak kaskartzen direla jakin arren. Azpikontratazioarekin bukatu behar dugu!
Azken gertakaria Eusko Jaurlaritzatik datorren lege berria da, “interes orokorreko proiektuei” dagokiena. Udalei autonomia kendu eta EAJren nagusitasuna aprobetxatuta haiek erabakiko dute zer egingo den eta non. Udalek erabakitzeko eskubidea galduko dute, eta zer esanik ez herritarrek; hutsaren hurrena bihurtuko gara. Hau oso larria da.
Bizi eta lan baldintza duinen alde borrokatzen jarraituko dugu, badagoelako egiteko beste modu bat. Aurrera!