EDITORIALA

Irregulartasunak, HAPOn ere bai

| 2024-10-21 10:48:00

Joan den ostiralean egin zen Irurak Bat jauregiaren eraisketa aztertu zuen ezohiko batzordea. Batzordea ez zen egin Gobernu Taldearen borondate onagatik, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek deialdia behartu genuelako baizik. Tamalez, argi geratu zen ez daudela batere prest gertatutakoa argitzeko eta erantzukizunak hartzeko: alkatea, zinegotzi kooperatibistak eta teknikariak ez ziren bertaratu (ohiko batzordeetan arrunta izaten den arren). Euren borondate falta agerian geratu da, beste behin ere.


Egoera horren aurrean, EH Bilduk fiskaltzara jotzea erabaki du, kanpoko erakunde batek modu independentean iker dezan irregulartasunik egon den eta legez kontrako zigorrik egin duten. Fiskaltzak Getxoko Epaitegira bidali du dokumentazioa, beraz, Gobernu Taldeak oztopoak jarri arren, jauregiaren eraisketarekin gertatutakoa ikertuko da. Nolanahi ere, EH Bildutik gogorarazten dugu kasu hau ez dela salbuespena, araua baizik, hamaika eraikin eraitsi direlako azken urteetan,


Irregulartasunak ez dira ondare historikora mugatzen, eta horren erakusgarri da HAPO, EAJk, PPk eta PSEk behin-behinean onartu dutena. Fadurako handitze proiektua oharkabean igaro da, baina aste honetan bertan salatu dugunez, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko eremu batean egingo da, eta ez du Hezeguneen LPS betetzen. Lurrak nekazaritza, abeltzaintza, landazabala, ekosistemak hobetzeko eremua eta lehengoratu beharreko eremu degradatu modura kalifikatuta daude. 2022an, Eusko Jaurlaritzak egoera horren berri eman zion Udalari, eta jarduera horren eragina aztertzeko edo aldatzeko eskatu zion, baina Gobernu Taldeak ez du halakorik egin. Udalaren harrokeria hain da handia, ezen Eusko Jaurlaritzaren errekerimenduei ere ez baitie jaramonik egiten. Ikusiko dugu zer ondorio dituen jarduketa horrek plan osoan. EH Bilduk herritarren beharrak lehenetsiko dituen HAPO baten alde presio egiten jarraituko du, promotora eta eraikuntza-enpresen interesen ordez.

 

40 proposamen udal aurrekontuak hobetzeko

| 2023-12-06 09:26:00

EH Bilduk 40 zuzenketa baino aurkeztu dizkio Udal Gobernuaren aurrekontu-proposamenari. Gure lehentasunak honakoak izan dira: etxebizitza sozialak, auzoetan inbertsioak egitea eta trantsizio ekologikoa. EAJk eta PSEk ez dute gehiengo absoluturik kontuak onartzeko eta, beraz, oposizioko talderen baten babesa behar dute. EH Bildu prest agertu da akordioa lortzeko, betiere getxoztarron bizi baldintzak hobetzeko neurriak adosten baditugu.

Hori dela eta, 40 proposamen baino gehiago egin dizkiogu Udal Gobernuari, hainbat arlorekin lotuta. Hemen jaso ditugu euretariko batzuk:

- 900 etxebizitza hutsak merkaturatzeko neurriak.

- Liburutegi zentral berri bat sortzeko proiektua (zine-aretoak barne).

- "Getxoztarra" txartela tokiko txanponaren filosofiarekin.

- Ludoteka berri bat Algortan.

- Getxobusa martxan jartzea auzo ezberdinak lotuz: Neguri Langile, Zubileta, Andra Mari... anbulatorioekin eta abar.

- Mimenagako padura ekologikoki berreskuratu.

- Udal pilotaleku berria Romo-Santa Ana inguruan.

- Getxoko kaira heltzen diren gurutza-ontzien inguruko ingurumen-txostena.

- Energia-komunitateak sortzeko diru-laguntzak.

- Berdintasun Sailarentzat baliabide eta teknikari gehiago.

- Zaintzen arloagaz lotutako behatoki publikoa.

- Areetako metro geltoki pareko lurzorua aldatu.

- "Getxo Abentura" sortu Errotatxun: rokodromoa, skate-pistak, tirolinak...

- Harmarriak Bolueko futbol-zelaian.

- Andra Mariko kiroldegian eta Fadurako igerilekuetan hobekuntzak.

- Ondare historikoa babesteko programa.

- Txakurren aisialdirako parke berria.

- Diru-laguntzak handitu jai batzordeentzat, kultur elkarteentzat, gizarte ongizate arloan, euskaran...