Azken hilabeteotan gure herriko gazteen partetik aldarrikapen zehatz bat ikusi dugu kalean: gazteok gazte espazioak behar ditugu. Eta hau zergatik? Zein da gure gazteen errealitatea?
Bada, egungo gazteria etorkizunarekiko inolako espektatibarik garatu ezin duen kolektiboa da. Lan munduan prekarizatuak eta soldata negargarriekin emantzipatzeko ezintasunean aurkitzen dute euren burua. Eta jakin badakigu, bizi proiektu propioa sortu eta garatzeko kabia uztea garrantzitsua dela. Baina nola emantzipatu herri honetan etxebizitzen alokairu prezioaren bataz bestekoa 840€-koa bada? Aisialdiari dagokionean ere, kontsumora mugatua dagoen eredu bakarra dute aukeran. Parkeak eta terrazak bai, baina zein da orduan gazteentzako espazioa? Gure herriak ez die gazteen beharrei erantzuten.
Autonomia, gizartearekiko jarrera aktiboa, lankidetza… gure ume eta gazteen hezkuntzan funtsezkotzat hartzen diren baloreak dira. Baina gure herriko gazteek euren artean antolatu, helburu komun bat zehaztu eta inoren laguntzarik gabe bide hori urratzeko hautua egin dutenean jazartuak izan dira. Sistema honek, eta zehatzago udal gobernu honek, ez die gure herriko gazteei inolako alternatibarik eskaintzen.
Azken udalbatzan gazte hauek hitza hartu eta oso galdera zehatza egin zioten alkateari: zer nolako konpromiso zehatz hartuko duzue egoera honi erantzuteko? Erantzuna ikusteko irrikan gaude.