Azken hogeita hamar urtetan ikusi dugu zelan joan den pribatizatzen zahar egoitzen esparrua. 90. hamarkadan Hego Euskal Herriko egoitzen %9 inguru zegoen enpresa pribatuen esku, eta gaur egun kontrara, egoitzen %9 inguru baino ez da guztiz publikoa. Izan ere, “publikotasunaren” atzean egoitzetako hainbat zerbitzu azpikontratatu egiten dira: sukaldea, garbiketa… Negozioa bilatu zuten ordurarte administrazioak kudeatzen zuen esparruan, eta ondo aurkitu ere.
Pribatizazioa ez da soilik etiketa bat, berarekin dakar langileen lan baldintzak okertzea, erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea jaistea… Eta horregatik borrokan ikusi ditugu urte luzez zahar egoitzetako langileak; sektore feminizatua izanik, hainbat eta hainbat emakume. Grebak, mobilizazioak… Lan berdina egiteagatik soldata berdina eskatuz, egoitzak publikoak izan behar direla eskatuz.
Getxoko egoera ez da bestelakoa: 75.629 biztanleko gure udalerrian, zeinetan 65 urtetik gorakoen kopurua %26,80-koa den, Udal egoitza publiko bakarra dugu, eta ez guztiz publikoa, lehen adierazi bezala. Jakina da gero eta biztanleria zaharragoa daukagula, eta joera da urte gutxi barru 65 urtetik gorako pertsonen ehunekoa handitzea. Prest egon behar dugu datorkigun erronkari aurre egiteko, pertsonak erdigunean jarriz eta zaintza sistema publikoa oinarri izanik.
ETSk Neguriko tren geltokiko lanak amaitu berri ditu eta laster bere erabileraren zerbitzua lizitatuko du. Gure ustez, eraikinaren erabilera auzokideek erabaki beharko lukete, eta, beraz, eskatuko dugu kontuan hartzeko auzoan bizi direnen iritzia. Edozelan ere, pozten gara, azkenean denon presioari esker lortu dugulako eraikina eraberritzea.
Tamalez, beste eraikin batzuek ez dute zorte berbera izan gurean: Ollarretxe, Arrigunagako jaitsierako eraikinak, Maidagan... Hurrengo hilabeteetan zerrendara gehituko dira Villa Amparo eta Villa Fernanda (Algortako Haurtegi ohia, Eusko Jaurlaritzaren txostenaren kontra gainera) eta Romoko Lope de Vega kaleko eraikin historikoak.
Azken kasu hau bereziki mingarria da, bertan dagoelako Nagusien Etxea eta erabat eredugarria delako bertan egiten ari diren lana: zahartze aktiboa, konpromisoa, autokudeaketa, komunitatearen saretzea... Agian horrek kezkatzen ditu EAJ eta PSE, euren kontroletik kanpo antolatzen ari direlako euren burua. Gogora dezagun, gainera, PSEk hauteskunde-kanpainan esan zuela eraistearen kontra zegoela, muga gorria izango zela eurentzat. Gezurra esan nuen etxean, ni baino lehenago kalean.
Ekainaren 22an 20:00etan Lope de Vegako eraikinak eraistearen kontrako mobilizazioan parte hartuko dugu, beste behin ere. Neguriko tren-geltokiak bezalaxe, Romoko eraikin historiko hauek ere merezi dutelako babestea eta zaintzea, are gehiago gainera jarduerez josita baldin badaude, Nagusien Etxearen kasuan bezala.