AKTUALITATEA


| 2023-11-02 13:35:00

Euskarak bizi duen oldarraldi judiziala salatzeko asmoz, larunbatean bat egingo dugu Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu duen manifestazioarekin. Izan ere, oso kezkatuta gaude euskarak bizi duen egoerarekin. Madrilen hartutako epaiez gain, orain Euskal Herritik bertatik ere euskararen normalizazio-politiken kontrako epaiak hartu dira. Oso larria da gertatzen ari dena, zuzenean erasotzen ari direlako euskara sustatzeko politikak.

Oldarraldi judizial hau bultzatzen den bitartean, hainbat eremu politiko, ekonomiko eta mediatikoetan euskararen kontrako mezuak zabaltzen jarraitzen dira modu etengabean eta lotsagabean. Argi diogu: ez dugu onartuko inolako atzerapausorik euskararen normalizazioan. Euskara inposatzea leporatzen duten horiek euskara gutxietsi eta alboratzen dute uneoro, euskaldunon hizkuntza-eskubideak urratzen dituzten bitartean. Euskara gutxitua nahi dute, eta euskaldunok dagozkigun eskubiderik gabe. Erantzun diezaiogun herri modura oldarraldi honi. Euskaraz bat, euskararekin bat! Larunbatean Bilbora!