Artatza eta Antiguo Golf inguruko bizilagunek eta Artaza-Romo institutuko hezkuntza-komunitateak kezkatuta jarraitzen dute ibai-azpiko tunelaren proiektua dela eta. Ez da gutxiagorako. Bizkaiko Foru Aldundiak berak onartu du bere txostenetan tunel horrek, Artatza Ballonti inguruarekin lotuko lukeenak, trafikoaren eta ibilgailu pribatuaren erabilera % 30 baino gehiago handituko lukeela, horrek dakarren zaratarekin eta aparteko kutsadurarekin. Gainera, tunelak Artatza parkearen zati handi bat ere suntsituko luke, Getxo eta Leioa arteko birika berdea, eta institutuko patioari eragingo lioke. Zentzugabekeria handia, inguruko bizilagunen bizi-kalitatea okertuko lukeena, bai obretan zehar (bost urte baino gehiago iraungo dutenak), bai geroago. Ez da ibilgailu pribatuaren erabilera sustatzeko momentua, bestelako aukerak eskaintzeko unea baizik, hala nola garraio publikoaren zerbitzua indartzea (autobus linea berriak, maiztasun gehiago, deskontuak mantentzea...), etab.
Bistakoa da bizi dugun larrialdi klimatikoaren testuinguruan proiektu honek ez duela inolako zentzurik. Hasiera batean, tunelari metro-konexio bat eransteko aukera aurreikusten zen, baina proiektuan ez da aukera hori aipatu ere egiten. Udalerri handi guztietan, Getxo barne, emisio txikiko eremuak sortzen ari diren bitartean edo sortuko diren bitartean, ibilgailu kutsatzaileei sarbidea debekatuz, Artatzan "emisio handiko" eremu bat sortuko dute. Klima-aldaketari aurre egiteko politika guztiak urratzen dituen inkongruentzia handia, beraz.
Eta, jakina, ez dugu ahaztu behar "inbertsio" edo, hobeto esanda, "xahutze" hori 500 milioi euro baino gehiago kostatuko zaigula (eta horiei ohiko gainkostuak gehitu beharko zaizkie), eta ez dela inbertituko beste premia garrantzitsuagoetan, besteak beste, Osakidetza eta lehen mailako arreta indartzea, hezkuntza-sistema, mugikortasun jasangarria, etab.
Horregatik guztiagatik, otsailaren 8an, subflubialaren aurkako plataformak deitutako manifestazioarekin bat egingo dugu. Mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Arriaga Antzokitik, Bilbon.