AKTUALITATEA


| 2025-02-19 09:45:00

Otsailean jakin izan dugu Udalak zazpi milioi euro baino gehiago galdu dituela, bestelako gizarte-beharretara edo auzoetako inbertsioetara bideratu zitezkeenak. Eta zein da zazpi milioi euro hauek galtzeko arrazoia? Utzikeria, eraginkortasunik eza eta kudeaketa txarra, beste behin ere.

Kobratu ez diren zazpi milioi horiek hainbat isun, tasa eta zergari dagozkie, edota OHZ eta EJZ (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga) kobratzeari uztea. Galdu diren diru-sarreretako batzuk 2022. urtekoak dira, baina beste batzuk aspaldikoak dira. Beraz, jakin nahi dugu zergatik urte hauetan guztietan ez den arazo hori konpondu (kontuan hartuta EAJk urte hauetan guztietan kudeatzen duela arlo hori, eta, zehazki, zinegotzi bera 2015etik).

Egoera horren aurrean, EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu du Ogasun Batzordean, zer gertatu den jakiteko eta, hala badagokio, erantzukizun politikoak eskatzeko. Prentsan irakurri ahal izan dugunez, 2017an Udalak tresna informatiko bat erosi zuen, eta lan-karga automatizatu edo murriztu beharrean, handitu egin zuen, zerga-kudeaketarako gora-behera larri ugari zeudelako.

Besteak beste, jakin nahi dugu egia ote den programa horrek zigor eta zerga horiek kobratzea zaildu zuela; programa informatiko hori martxan jartzeagatik Udalak ordaindu zuen zenbatekoa, eta nor izan zen enpresa hori kontratatzeko erabakia hartu zuena. Halaber, galdetuko dugu ea egia den lan hori egiteko azpikontratatutako enpresak bere software propioa ote zuen, eta ea horrek udal-talde teknikoari zaildu ote zion espedienteak banan-banan berrikustea. Jakin nahi dugu zenbat kostatu zitzaizkigun enpresa horren lanak, zenbat bildu zuen, zergatik erabaki zen enpresa bat kontratatzea udal-lan hori egiteko, eta abar. Kobratzeari utzi zaizkion zor handienak, antza denez, dagoeneko iraungita edo hartzekodunen konkurtsoan dauden enpresei dagozkie. Halaber, enpresa horiek zeintzuk diren azaltzeko eskatuko dugu.