AKTUALITATEA

| 2025-11-20

Unai Urruzunoren adierazpenak: 

Azaroaren 20a da gaur eta ezkerreko soberanismoak bi baieztapen egin nahi ditu.

Lehena: Franco hil zen duela 50 urte baina frankismoa ez.

Bigarrena: Santi Brouard eta Josu Muguruza erail zituzten, baina haien askatasun haizeak herri hau biziarazten jarraitzen du.

Duela 50 urte hil zen Franco diktadorea, urte luzeetako inpunitatea, errepresioa eta zapalkuntzaren ostean. Bada, gaur, 2025ean esan dezakegu dena “lotuta eta ondo lotuta” utzi izanagatik, bere oinordekoak mehatxu erreala izaten jarraitzen dutela gure herriarentzat.

Garai ilunetara itzultzeko arriskua badago eta horren adibide dira gure kaleetan, instituzioetan zein sare sozialetan oldartzen diren faxistak. Horregatik, azken asteetan konprobatu ahal izan dugu antifaxismoak gaurkotasun eta beharrezkotasun osoa izaten jarraitzen duela.

Euskal Herrian antifaxismoak askapen nazional eta sozialaren forma hartzen du. Eta proiektu politiko hori bera da Santi Brouardek bezala Josu Muguruzak eta milaka seme-alabek defendatutakoa. Horregatik hil zituzten Santi eta Josu, eta horregatik gaude gu gaur hemen.

Hemen gaude esateko Santi Brouard eta Josu Muguruza erail zituztela, baina haien askatasun haizeak herri hau bultzatzen jarraitzen duela. Gaur hemen gaude esateko frankismoak ezin izan zuela Euskal Herria makurtu, eta bere oinordekoek ere ez dutela oraingoan lortuko. Horregatik guztiagatik, larunbat honetan berriro beteko ditugu Bilboko kaleak, eta euskal gizarte osoa gonbidatzen dugu arratsaldeko 17:30ean La Casillatik abiatuko den manifestazio nazionalean parte hartzera.