EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur goizean, Nafarroa Arenan, Laura Aznal Nafarroako lehendakarigaia eta Joseba Asiron Iruñeko alkategaia aurkezteko. Haiekin batera izan da Arnaldo Otegi EH Bilduren idazkari nagusia, eta azken egun eta orduetan Espainiako Estatuan bizi den egoera politiko nahasiari heldu dio bere hitzartzean. Hauteskundeak noiz izango diren baino, galdera zuzena zertarako izan behar diren dela azaldu ostean, azpimarratu du ezker subiranistak badituela errezetak garaiko erronkei, arazo sozialei eta autoritarismoari aurre egiteko.
Era berean, erronkari aurre egiteko EH Bildu prest dagoela esan du Otegik: “Gure amaren etxea defendatuko dugu. Euskal Herria defendatuko dugu”, adierazi du. Era berean, ezker subiranistak Euskal Herria berdintasunez margotuko duela nabarmendu du, “demokraziaren alde, etxebizitza eskubidearen alde”.
Nafarroako egoera politikoari dagokionez, gobernu kolaboratiboen alde egin du, eta egun Nafarroan bertan, Iruñean eta Ipar Euskal Herrian dauden gobernu ereduak jarri ditu adibide gisa.
Laura Aznal Nafarroako lehendakariraako hauagaiak, berriz, “aurrera egiteko bermea” EH Bildu dela azpimarratu du. “Eraldaketarako unea” iritsi dela eta “politika publikoen unea” dela esan du Aznalek. Gaineratu duenez, EH Bildurekin etxebizitza merkatuko arauak aldatuko dira. “Parke publiko eta indartsua eraikitzeko, etxebizitza berreskuratzeko, etxebizitza hutsak mobilizatzeko eta etxejabe handien aurrean jarduteko” unea dela esan du. Era berean, Nafarroa osoa gune tentsionatu izendatu beharra dagoela nabarmendu du.
Joseba Asironek, bestalde, azpimarratu du Iruñea "euste-horma eta babeslekua" izango dela autoritarismoaren aurrean. Adierazi duenez, duela 3 urte hiria blokeatuta eta geldituta aurkitu zuten. "Gauzak egiteko beste modu bat dagoela erakutsi dugu", esan du. Gaineratu duenez, "politikari guztiak berdinak ez garela erakutsi dugu".
Iruñeko alkate eta hautagaiak dei argia egin du: "Eskuineko gutxiengoak ez dezala inoiz gehiago ezkerraren ezintasunaz baliatu akordioetara iristeko. Iruñean ez da berriz gertatuko".