AKTUALITATEA

| 2026-10-05

EH Bilduko Hegoaldeko Idazkaritzak bilera egin du gaur arratsaldean Donostian, azaroaren 29rako deitutako hauteskundeen testuingurua aztertu eta baloratzeko. Bileraren ostean, Arnaldo Otegi idazkari nagusiak agerraldia egin du hedabideen aurrean.

Otegik adierazi du azken asteotan hauteskundeen dataren inguruko espekulazio ugari egon direla, baina EH Bildurentzat garrantzitsuena ez dela noiz egingo diren, zertarako baliatuko diren baizik. “Jakin behar dena da bakoitzak zertarako baliatu nahi dituen hauteskunde hauek”, azpimarratu du.

EH Bilduk bere Kongresuan lankidetzaren aldeko proposamena egin zuela gogorarazi du Otegik, herri gisa hauteskundeetara aurkezteko borondatearekin. “Badira hauteskunde batzuk ez direnak gure artean lehiatzeko, baizik eta elkarlanerako. Proposamen hori egin genuen, baina ez da posible izan; errefusatu egin dute. Gaur beste pantaila batean gaude”, azaldu du.

Egoera berri horren aurrean, EH Bilduk bere herriari eskaintza argia egiten diola nabarmendu du: “Euskal Herria nazio gisa defendatzera eta Euskal Herriko gehiengo sozialaren interesak defendatzera goaz hauteskunde hauetara”.

Idazkari nagusiaren hitzetan, ezker subiranistak ez du promesa berririk egingo, orain arte erakutsitako konpromisoari eutsiko baitio. “Ez gatoz esatera zer egingo dugun; egingo dugu orain arte egin dugun gauza bera”, esan du.

Otegik adierazi du badagoela marra argi bat, eta EH Bilduk bere burua balio demokratiko, sozialista eta bakezaleen aldean kokatzen duela. “Talde batean daude basakeria defendatzen dutenak, eta beste alde batean gaude zibilizazio ilustratu bat, printzipio sozialista, demokratiko eta bakezaleetan oinarritzen dena. Oso argi dugu marraren zein aldetan gauden”, azaldu du.

Era berean, EH Bilduk eskuin muturraren aurkako konpromisoa berretsi du. Duela lau urte gobernu aurrerakoi bati babesa emateko hartutako erabakia gogoratuz, honakoa adierazi du: “Guk faxismoa konbatitzen dugu, dohainik eta ezeren truke. Ez dugu espekulatzen; badakigu non gauden”.

Otegiren arabera, hauteskundeak ez daude erabakita eta herritarrei itxaropen mezua helarazi nahi die EH Bilduk. “Partida badago, partida hau ez dago bukatuta eta ez dago galduta. Gaur esperantzaren ahotsa ere izan nahi dugu”, adierazi du.

EH Bilduren marko nazionala Euskal Herria dela azpimarratu du, eta edozein gobernu osatzen dela ere, Euskal Herrian gutxiengo izango dela gogorarazi du. “Argi dugu Euskal Herrian bloke erreakzionarioa garaituko dugula, baita hautestontzietan ere”, esan du.

Kanpainaren hasiera ere iragarri du idazkari nagusiak. Azaroaren 14an Bilbon egingo den manifestazioarekin emango diote hasiera hauteskunde-kanpainari. Otegiren esanetan, mobilizazio “masiboa, euskalduna, abertzalea, independentista, sozialista, feminista eta ezkerrekoa” izango da.

Azkenik, EH Bilduren konpromisoa berretsi du: “Guk gure amaren etxea defendatuko dugu, eta guregatik baldin bada, eskuinak eta eskuin muturrak ez dute gobernatuko ez Espainiako Estatuan, ez Frantziako Estatuan, ez inon. Hori da gure konpromisoa. Espekulazioak, zero”.