AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-10-04

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur goizean, Bilboko Euskalduna jauregian, Iker Casanova Bizkaiko diputatu nagusirako hautagaia eta Maria del Rio Bilboko alkategaia aurkezteko. Ekitaldian Oskar Matute Kongresuko bozeramaileordeak ere parte hartu du, eta etxebizitza eskubidea, herritarren ongizatea eta erakundeetan aldaketa politiko eta sozialak bultzatzea izan dira jardunaldiaren ardatz nagusiak.

Oskar Matutek nabarmendu du EH Bilduk Madrilen egiten duen lana Euskal Herriaren eta euskal herritarren interesak defendatzera bideratuta dagoela. Zentzu horretan, espekulazioaren interesen aurrean herritarren eskubideak lehenestearen garrantzia azpimarratu du.

“Madrilen gaude Euskal Herria eta euskal herritarrak defendatzeko. Gure amaren etxea eta bertan bizi eta lan egiten duten guztien eskubideak defendatzeko. Guk ez dugu Airbnb edo Idealistako putreen deirik jaso aste honetan, jakin badakitelako ez ditugula espekulatzaileen interesak ordezkatzen. Guk jendearen interesak ordezkatzen ditugu”, adierazi du.

Etxebizitzaren inguruan kaleetan gero eta indar handiagoz agertzen ari den mobilizazio soziala aipatu du Matutek, eta aldarri horiek politika publiko bihurtzeko konpromisoa berretsi du.

“Kaleetan ikusten ari garen indar itxaropentsuaren eskutik, etxebizitza eskubidea posible egingo dugu. Garrantzitsua delako mobilizatzea, noski baietz, garrantzitsua den bezala kaleetako aldarriak politika publiko bihurtzea. Eta guk konpromiso horri eutsiko diogu. Hori da EH Bilduren konpromisoa. Horretarako jaio ginen eta behar den guztietan egingo dugu”, gaineratu du.

Iker Casanovak, bere aldetik, azpimarratu du EH Bildu dela bizkaitarren beharrak eta kezkak hobekien ordezkatzen dituen indar politikoa.

“EH Bildu bizkaitarrok hobeto ordezkatzen dituen indar politikoa da, jendearen beharrei erantzuten dielako”, adierazi du.

Halaber, etxebizitza eskubidearen aldeko konpromisoa berretsi du, bai mobilizazio sozialetan bai erakundeetan egindako lanean oinarrituta.

«Etxebizitza eskubidearen aldeko konpromisoa berriro ere berretsi dugu asteotan: bai kalean, jendearen mobilizazio sozialari esker, bai EH Bilduk ordezkatzen dituen instituzioetan», azaldu du.

Casanovaren hitzetan, azken egunotako eztabaida politikoek eta Erandioko egoerak erakusten dute neurri ausartak hartu behar direla etxebizitza larrialdiari aurre egiteko.

“EH Bilduk Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoak behar duena eskatzen jarraituko du. Baiezkoan egongo gara Erandioko 150 familiengatik eta etxebizitza larrialdiak eskatzen dituen ekintzetan”, adierazi du.

Bestalde, Maria del Riok Bilbok dituen erronkei aurre egiteko gobernantza eredu berri baten beharra aldarrikatu du, elkarlanean eta akordioetan oinarritua.

“Ez dira gai egungo erronkei elkarlanetik eta akordioetatik aurre egiteko. Ez dute nahi. Gobernantza kooperatiboari uko egiten diote eta kontrolatzen ez dituzten ekimen eta ekintza guztiak deuseztatzen dituzte”, salatu du.

Bilborentzat EH Bilduk duen proiektua ere aurkeztu du, hiria eraldatzeko eta herritarren beharrei erantzuteko helburuarekin.

“Euskal Herria Bildu hiriaren erdigune politikoa hartzera dator, eta argi izan, Bilboren etorkizuna ezin da ulertu Euskal Herria Bildu gabe. Guk proiektu bat badugulako: Bilbo justu bat, ekintzailea, solidarioa, soziala, feminista, euskalduna eta ekologista. Inor atzean utziko ez duena”, adierazi du.