AKTUALITATEA

| 2020-04-01

EH Bilduk kezka agertu nahi du osasun alarmaren egoera dela-eta aginte bakarraren adierazpenetik abiatuta hartutako segurtasun neurriengatik eta polizia gorputz ezberdinek garatutako jarrerengatik.

Hala, zirkular bat zabaldu dugu udalerrietara, gobernuak edo oposizioak jarduteko neurri zehatzak proposatzeko, Udaltzaingoak garatu behar dituenak, hurbileko benetako polizia den aldetik. Elkar zaindu behar dugun une honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da jarduera enpatiko eta proaktibo bat.

Establezimenduen irekiera eta herritarren mugimendua mugatzen diren testuinguruan, gainera, proposatzen dugu euskal poliziak, zehazki udaltzaingoak, jarrera asertiboak eta pedagogikoak izan ditzala, komunitatea eraikitzen lagunduko dutenak, jarrera zibiko eta arduratsuak bultzatuz.

Bestalde, informazio-eskaera bat erregistratu dugu Segurtasun Sailean, alarma-egoeratik eratorritako kontrolei dagokienez, polizia-jarduketa desegokien, arbitrarioen edo neurrigabeen inguruan irekitako espedienteei buruz.